Bizkaiko Trainerilla Liga hasiko dute asteburuan
Bizkaiko Trainerilla Ligaren lehen bi jardunaldiak Elantxoben lehiatuko dituzte zapatuan eta domekan [apirilak 24 eta 25]. Gipuzkoako klubek, ostera, maiatzaren 1ean hasiko dute euren liga.
Batel ligaren lekukoa hartuz, asteburuan hasiko dute Bizkaiko Trainerilla Liga, Elantxoben. Zapatuan [apirilak 24] 15:30ean hasiko dute 1. jardunaldia, eta domekan [apirilak 25], 10:30ean 2. jardunaldia.
Absolutu mailan, gizonezkoetan, Isuntzako hiru talde eta Ondarroako bi ariko dira, eta emakumezkoetan, Ondarroako bat. Gazte mailan, emakumezkoetan, bi trainerilla uretaratuko ditu Ondarroak eta gizonezkoetan, Isuntzak bat.
Sei jardunaldi lehiatuko dituzte. Hurrengo biak Lekeition izango dira, maiatzaren 1ean eta 2an, eta azken biak Ondarroan, maiatzaren 8an eta 9an. Udalerri horretan lehiatuko dute Bizkaiko Txapelketa ere; maiatzaren 15ean sailkapen estropadak lehiatuko dituzte eta maiatzaren 16an finalak.
Gipuzkoako liga. Bestalde, Gipuzkoako Trainerilla Liga hurrengo asteburuan hasiko dute, maiatzaren 1ean, Pasai Donibanen.
Lau jardunaldigaz osatu dute egutegia. Maiatzaren 2an Zarautzek hartuko du 2. jardunaldia, maiatzaren 8an Hondarribian ariko dira, eta azken jardunaldia biharamunean Getarian lehiatuko dute.
Bizkaikoaren modura, Gipuzkoako txapelketa ere maiatzaren 15ean eta 16an egingo dute, Mutrikun.