Isunak jarriko dituzte ordutegiz kanpo Garbiguneen kanpoaldean hondakinak uzteagatik
Debabarreneko Mankomunitateak dio Garbiguneen kanpoaldeak hondakinak botatzeko gune bihurtu direla. "Egoera hobetu arte" isunak jartzea erabaki dute.
“Konturatu gara Garbiguneak itxita daudenean horien kanpoko aldeak hondakinak botatzeko gune bihurtu direla. Gainera, Garbigunean utzi behar ez diren zaborrak ere botatzen dituzte batzuek, amianto hondakinak esaterako”. Horren aurrean, erabaki dute hori egiten dutenei isuna jartzea. “Mankomunitatearen ordenantzan hori egitea arua hauste oso larria bezala dago jasota, eta 1.750 eta 45.000 euro arteko isunak jarri ahal dira”. Esan dute isunak jarriko dituzte “egoera hobetu eta garbiguneak arduraz erabiltzen diren arte”.
Azaldu dute Mankomunitateko langileek mota guztietako hondakinak aurkitzen dituztela Garbiguneen sarreretan. Ordutegia: Astegunetan, Garbiguneak 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara egoten dira zabalik, eta zapatu-domeketan 09:00etatik 13:00etara.
Gaineratu dute Garbiguneak “oso azpiegitura garrantzitsuak” direla gutxiagotan sortzen diren hondakinak batzeko. “2020an 2.146 tona hondakin bildu ziren Garbiguneetan. Gaikako bilketa handitzeko eta hondakinen berrerabilpena edo birziklapena sustatzeko funtsezko espazioak dira”.