Motrollu Proiektua auzolanean berrindartu nahi dute Munitibarren
Motrollu Herriko Mendia Aisia, Kirola eta Kultura Proiektua da. Auzolana antolatzeko batzarra egingo dute domekan [apirilak 25], 12:00etan, Udal Aretoan.
Motrollu Herriko Mendia Aisia, Kirola eta Kultura Proiektua auzolanean berrindartzeko ahalegina egingo dute Munitibarren, Motrollu tontorrean eta igoeran dauden inguruak garbituta.
Auzolana antolatzeko batzarra egingo dute domekan [apirilak 25], 12:00etan hasita, Udal Aretoan, eta auzolanean parte hartu nahi dutenei bertaratzeko gonbidapena luzatu diete udaletik: “Auzolanean parte hartzeko prest zenbat jende dagoen eta horiek ze material daukaten jakin nahi dugu. Horrela, udalaren eta herritarren materialekin zerrenda bat osatuko dugu auzolana antolatzeko”.
Duela zenbait legealdi aipatu proiektua garatzeko lehenengo pausoak eman zituzten, “jakinda pinua sartu izan balitz, berezia den toki horretaz gozatzea ezinezkoa izango litzatekeela”.
Motrollu proiektuaren oinarrian zeuden bertoko landaretzaren eta paisaiaren egoeraren ardura: “Proiektuaren lehen fasea garatu zen duela urteak, Motrollu mendiak eskaintzen dituen baldintzak aprobetxatzeko, herriko biztanleen aisiarako, bereziki”, azaldu dute. Lehen fase horretan haritzak, pagoak eta gaztainondoak landatu zituzten 550 metro ingurura arte, eta 592 metro inguruan dagoen gailurrean belarrak eta sasiak garbitu zituzten, “gailurreko ikuspegia babesteko”. Azken urteotan proiektua etenda egon da, eta egindako landaketa sasi eta belarrek tapatu dute.