Aste honetan hasiko dira Abadeen moilako lanak
Moila egonkortu eta zuloak estaliko dituzte. Lanek 530.000 euroko kostua edukiko dute eta Eusko Jaurlaritzaren Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak ordainduko ditu.
Datozen egunetan hasiko ditu Eusko Jaurlaritzako Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak Lekeitioko Abadeen moila sendotzeko lanak. Joan den urtean, pandemia hasi aurretik, Lekeitioko portuko moila ezberdinak zelan zeuden jakiteko azterketa batzuk egin eta lagin batzuk atera zituzten, eta hala ikusi zuten Abadeen moilak itsas korronteek eta olatuek eragindako zuloak zituela azpian, eta zulo horiek estali eta moilari egonkortasuna ematea izango dute lanek helburu.
Guztira, obrek, hiru hilabete iraungo dute, maiatza, ekaina eta uztaila, eta beraz, abuzturako konponketak amaituta egotea aurreikusten du Lekeitioko Udalak. Jakitera eman dutenez, obrek irauten duten bitartean moila itxita egongo da bai ontzien erabiltzaileentzat zein herritarrentzat ere, segurtasuna bermatzeko. Izozkien postua aldatu dute lekuz, eta moila hasieratik egongo dela itxita azaldu dute. Ondoko aldapa, berriz, zabalik mantenduko da.
Lanak urte hasieran egitea nahiago zuen udalak, uda garaiagaz bat ez egiteko, baina pandemia dela eta, epeak atzeratu egin direla esan dute, eta ezinezkoa izan da. Beraz, orain etorriko da obra.
Lanek 530.000 euroko kostua edukiko dute eta Jaurlaritzaren Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak ordainduko ditu. Amaitutakoan, azpiegitura prest egongo da pantalan berriak jartzeko.