Berriatuko eta Markina-Xemeingo puntistak, Bizkaiko Finalean
Markina-Xemeinen jokatuko dira zapatuan Bizkaiko Zesta-Punta Txapelketako finalak. G.R.A.B.N.In ere parte hartzen ari dira Lea Artibai eta Mutrikuko pilotariak.
Bizkaiko Zesta-Punta Txapelketako finalak erabakita daude. Asteburuan geratu dira zehaztuta finalean egongo diren bikoteak. Berriatuko, Markina-Xemeingo eta Gernika-Lumoko pilotariak egongo dira zapatuan [maiatzak 1] , Markina-Xemeingo Uni frontoian jokatuko diren kadete, gazte eta nagusien mailetako finaletan. 17:00etan hasiko dira partidak.
Kadete eta gazte mailetako finalistak zehaztuta bazeuden ere, azken egunetan erabaki dira nagusien mailakoak. Eguenean [apirilak 22] lehiatu zuten Berriatuan nagusien mailako finalaurreko bat eta barikuan [apirilak 23] jokatu zuten Gernika-Lumon bigarrena. Finalaurreko bietan egon dira Markina-Xemeingo bikoteak, baina finaletik kanpo geratu dira azkenean. Horrela, nagusien finaletan Antxon eta Aimar Berriatuko bikotea eta Leke eta Unda Gernika-Lumokoa egongo dira.
Kadeteen mailako finala, berriz, Berriatuko bikoteek lehiatuko dute; Arrasate eta Urko eta Iart eta Maialen neurtuko dira horretan. Gazteetan, ostera, Markina-Xemeingo Arakis eta Atain II. eta Berriatuko Ekaitz eta Amets aurkituko dira aurrez aurre.
G.R.A.B.N.I. Iaz bertan behera geratu bazen ere, aurten G.R.A.B.N.I txapelketa antolatzea erabaki du Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak. Covid-19k eragindako osasun larrialdiaren ondorioz, agintariek hainbat murrizketa ezarri dituzte, eta horiek eragina izan dute lehiaketen egutegian. Hainbat txapelketa antolatu behar izan dituzte epez kanpo, eta batzuk data berdinetan egin dute bat. Horregatik, G.R.A.B.N.I 2021 txapelketa ezohiko formatuan antolatu du federakuntzak.
Zesta-puntari dagokionez, gazteen eta seniorren mailan jokatuko da, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako selekzioek hartuko dute parte. Finalerdiak Zumaiako Aitzuri pilotalekuan jokatu ziren atzo [apirilak 25], eta finala Gasteizko Olabe pilotalekuan jokatuko da, eguaztenean [apirilak 28] San Prudentzio eguna, 18:00etatik aurrera.
Txapelketa horretan ere parte hartzen ari dira Lea Artibai eta Mutrikuko pilotariak, eta finaletaraino ailegatzea lortu dute. Nafarroari eta Arabari irabazita, Bizkaia eta Gipuzkoa aurkituko dira aurrez aurre finaletan.
Gazte mailan Bizkaiko ordezkariak Markina-Xemeingo Zelaia eta Atain izango dira eta Gipuzkoaren ordez Mutrikuko Eñaut Urreisti eta Zumaiako Ander Ureta ariko dira. Nagusien mailan, berriz, Bizkaiko taldean Etxebarriko Alberdi eta Markina-Xemeingo Zabala egongo dira eta Gipuzkoako ordezkariak Eduardo Agirre zumaiarra eta Mikel Manzisidor mutrikuarra izango dira.
Final oso lehiatuak espero dira, bikote guztiak sasoi onean daudela erakutsi dute eta.