Lea Ibarra Motrollo eta Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldea, Bizkaiko txapeldun
Senior mailako txapelak jantzi dituzte, emakumezkoetan Lea Ibarra Motrollo taldeak eta gizonezkoen berezi mailan Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeak.
Bizkaiko txapelak jantzi dituzte Lea Ibarra Motrollo eta Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko nagusiek. Emakumezkoen senior mailan nagusitu dira Lea Ibarrako Izaskun Martin eta Gentzane Aldai pilotariak eta gizonezkoen senior mailako berezi kategorian Markina-Xemeingo Josu Agirreamalloa eta Aimar Ibarloza. Final lehiatuak jokatu zituzten, eta emaitzagaz pozik agertu dira taldeetako arduradunak.
Lea Ibarrak txapela ziurtatuta zeukan. Taldeko bikote bi alegatu dira finalera, eta horien artean erabaki zen garailea. Martin eta Aldai eta Anitua eta Beitia neurtu ziren Usansolon zapatuan [apirilak 24], eta beteranoen aldera joan zen garaipena. Hasieratik aurretik jarri ziren markagailuan Martin eta Aldai eta azkenera arte mantendu ziren horrela. 22-16 irabazi zuten ordu beteko partida luze eta gogorra. Unai Arrizabalaga taldeko entrenatzaileak esan duenez, eskarmentu polita izan zen baita Anitua eta Beitiarentzat ere, eta azpitxapeldunak ere pozik geratu dira.
Partida gogorra jokatu zuten baita ere Josu Agirreamalloak eta Aimar Ibarlozak barikuan [apirilak 23] Galdakaon. Galdakaoko bikotea izan zuten aurkari eta markagailuan berdinduta ibili ziren bikoteak, bizpahiru tantoko aldeagaz. Hala ere, Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko bikotea aurretik joan zen denbora guztian, eta ez zieten Galdakaokoei aurrea hartzeko aukerarik ere eman. Azken tantora arte borrokatu zuten Agirreamalloak eta Ibarlozak, eta 22-20 irabazi zuten.
Azken asteetan eskua minduta ibili zen Aimar Ibarloza eta partiduan zelan aurkituko zen ez zekitela esan du Pello Urionabarrenetxea Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko entrenatzaileak. “Mina eduki arren gogor aritu zen, eta partida handi bat eskaini zuten bi pilotariek”.