Mutrikuko igerilekua hustu dute, konponketak egiteko
Igerilekuak zuloa zeukala eta ura galtzen zuela esan dute. Datozen egunetarako arazoa konponduta egongo dela esan dute.
Mutrikuko Udalak sare sozialen bidez jakinarazi duenez, igerilekuak zuloa dauka horman, eta ura galtzen du. “Denborarekin zuloa handitu eta arazoa larritu daiteke”. Beraz, hori ez gertatzeko, igerilekuari “tapoia kendu” eta husten hasi ziren domekan [apirilak 25]. Edonola ere, igerilekua hutsik ikusteak jendearen arreta erakarri du.
Udal iturriek esan dutenez, “datozen egunetan” arazoa konpondu eta igerilekua berriro ere erabilgarri egongo da. “Urpekari batek zuloaren egoera zein den ikusi du, baina orain teknikariak aztertu behar du zein den arazoaren benetako egoera. Konponketa zelan bideratu erabaki ondoren hasiko dira lanekin; marea biziak daudela baliatuta egingo dira lanak”.