Novaltiako grebalariek Markina-Xemeingo protestei berrekin diete
Gaur [apirilak 26] eta bihar [apirilak 27] elkarretaratzeak egingo dituzte. Hitzarmen duin baten aldeko 644. greba eguna izan dute gaurkoa.
Zamudion dagoen Novaltia farmazia banaketako kooperatibako langileek Novaltiako kontseilu errektorean dauden farmazien aurrean elkarretaratzeak egiten jarraitzen dute, eta gaur [apirilak 27] berriro ere, Markina-Xemeinera ekarri dituzte euren aldarrikapenak.
Hitzarmen duin baten aldeko 644. greba eguna dute gaurkoa, eta epaitegian dituzten auzien ebazpenak atera arte kalean jarraituko dutela azpimarratu dute, «ikusgarritasun pixka bat edukitzeko».
Azaldu dutenez, nahiz eta lan ikuskaritzak arrazoia ematen dien, ez dio espedienterik irekitzen enpresari eta epaitegietan daukaten auzia astiro doa. “Enpresak Aldi-Baterako Langileen Enpresetako langileak kontratatu ditu grebalariak ordezkatzeko. Lan Ikuskaritzak, nahiz eta horren berri izan eta enpresak Novaltian greba egiteko eskubidea urratu duela jakin, ez du ezer egin nahi izan. Eman zitzaigun baina enpresak bete nahi ez duen hitzarmen bat aldarrikatzen dugu. Ebazpen judizialaren zain gaude, eta ondoren, negoziazio bat lortu nahi dugu».
Diotenez, 2019ko azarotik ez dute enpresakoekin negoziazio bilerarik eduki. “Ez dago hurbilketarik”, azpimarratu dute. “Hilean 930 euroko soldatak ditugu, ia lanbidearteko gutxieneko soldataren berdina, eta soldata justuago bat eskatzen dugu”.