Oihana Kortazar hirugarren sailkatu da España Trail Txapelketan
Espainiako atletismoko federazioak mendian antolatzen duen Espainiako Txapelketan, minutu baten barruan sailkatu dira lehenengo hirurak. Espainiako Mendi eta Eskalada Federazioak antolatutako Espainiako Txapelketa lehiatuko du asteburu honetan.
Espainiako atletismoko federazioak mendian antolatzen duen Espainiako Txapelketan hirugarren sailkatu da Oihana Kortazar.
Kantabriako kostaldeko Liencres herrian lehiatu zuten zapatuan. 16 km-ko lasterketa Nuria Gil katalanak irabazi zuen (01:12:43). Minutu baten barruan sartu ziren lehenengo hirurak. Yolanda Martin sailkatu zen bigarren (01:13:21) eta Kortazar hirugarrenak 01:13:45 denbora egin zuen. Lasterketa hasieran Kortazarrek ezarri zuen erritmoa, lehen kilometroetan lasterketa buru joan zen, Gil, Martin eta Sara Alonso atzetik zituela, baina Tolio igotzean Gilek jo zuen erasora. 12. milometroan Martinek aurrea hartu zion Kortazarri: “Asfaltoko zati horretan, ez nintzen izan gai bere asfaltoko erritmoa jarraitzeko”.
Durangoko Atletismo Taldeagaz, taldekako puntuak lortzeko helburua zeukan Kortazarrek: “Parte hartzeko derrigorrez atletismoko klub batean federatuta aurkeztu behar zara. Helburua zen ahalik eta ondoen egitea bai, baina helburu nagusia taldearentzat puntuatzea zen”.
Podiumean sartzeko esperantza zeukan Mutrikun bizi den korrikalari elgetarrak: “Balorazio positiboa egiten dut. Irabazteko ez, baina lehenengo hiruren artean egongo nintzen esperantza neukan. Mendian ibiltzen garenontzat, ibilbidea motzegia izan zen eta desnibel oso gutxiko lasterketa”.
Oihana Kortazar: “Erritmo oso altuak izan ziren. Baina pozik, gustura bukatu nuen. Dena eman nuen, ez neukan gehiago emateko”
Mendiko korrikalarientzat baino atletismokoentzako egokiagoa izan zen. Hain zuzen, bere aurretik sailkatu ziren biak atletismoko korrikalariak dira: “Halakoetan normala izaten den moduan, atletismoko korrikalari on asko etorri ziren. Beraz, banekien eurei irabaztea oso zaila izango zela, lasterketak ez zeukala nahikoa aldapa, ez gora ez behera, eurak gaizki moldatzeko. Irteera oso azkarra eta asfaltozko tarte asko eduki zituen, eta mendiko igoera motzen bat edo beste eduki arren, eta jaitsierak berdin, batzuk bai oso teknikoak baina motzak, eurak eusteko nahikoa. Mendiko korrikalari faborito nagusiak nire atzetik sartzeak poztu ninduen”. Oso pozik bukatu zuela dio, eta lasterketa oso gogorra izan zela aitortu du: “Lasterketa oso agonikoa izan zen. Nahiago dut 50 km mendian egin, 16 km han egin genuen abiaduran baino. Erritmo oso altuak izan ziren. Baina pozik, gustura bukatu nuen. Dena eman nuen, ez neukan gehiago emateko”.
Asteburuan, Jaenen. Espainiako Mendi eta Eskalada Federazioak antolatutako Espainiako Txapelketa lehiatuko du domekan [maiatzak 2], Jaengo probintzian (Andaluzia). 28km-ko lasterketa egingo dute. “Nire onena ematen saiatuko naiz, eta gozatzera joango naiz. Kontziente izanda aurkari gogorrak egongo direla. Obesionatu gabe, ahal dudan dena egitera joango naiz”.