Amandarriko Beñat Arnaiz bigarren geratu da Euskadiko Duatloi Txapelketan
Taldeka txapeldun geratu da eta juniorretan eta beteranoetan ere podiumera igo dira Lekeitioko taldeko kirolariak.

Euskadiko Duatloi Txapelketa lehiatu zuten Oñatiko Duatoian, zapatuan, eta Javi Goitia Omaetxebarriaren atzetik Armandarri TTko Beñat Arnaiz Uribarren geratu zen txapeldunordea absolutu mailan. Alde estua egon zen lehenengo hiruren artean. 58 minutu eta 43 segundoko denboran amaitu zuen txapeldunak, eta harengandik hamazortzi segundora sailkatu zen Arnaiz. Urko Herran Aguilarrek osatu zuen gizonezkoen podiuma; zortzi segundoko aldea egon zen Herranen eta Arnaizen artean.

Argazkia: Amandarri TT.
Eurek adierazi modura, lehiara itzuli eta dortsala janzteko gogoz zeuden Amandarri Triatloi Klubekoak, eta hemeretzi taldekidek lehiatu zuten Oñatiko Duatloia. Lehiatu ahal izateagatik eta lortutako emaitza onengatik pozik daude. Izan ere, taldeka txapeldun izateaz gain, lau kategoriatan igo ziren podiumera. Juniorretan Mikel Arrasate Larrea izan zen irabazlea eta kategoria bereko emakumezkoetan Klaudia Erkiaga Garcia eta Haydee Galarza Calvo bigarren eta hirugarren sailkatu ziren, hurrenez hurren, eta Zorion Kareaga Laka hirugarren geratu zen beteranoetan.
COVID-19aren eraginez egindako etenaren ostean, gogotsu zeuden. “Gure taldeari dagokionez, harro eta zoriontsu egoteko hainbat arrazoiak ditugu, gaur arte motibazioa mantentzea erronka zaila izan da, eta izandako kirol emaitza bikainei garrantzia kendu gabe, gazteenek debutatzeko izan duten pazientzia eta eman duten maila izugarria goraipatu behar dugu”, adierazi dute klubaren ordezkariek.

Argazkia: Amandarri TT.
Eskualdeko ordezkaritza zabala. Amandarriko kideez gain, Garraitz Kirol Taldeko zortzi kidek, Alarabi Lea-Artibai Markina taldeko Iñigo Olañeta Elexpuruk eta Ondarruko Koaxi TTko Arnaitz Burgoa Egigurenek burutu zuten proba.