Etxebarriko Udalak iriste erraztasuna hobetzeko proiektuetarako laguntzak hobetu ditu
Eraikuntzen gaineko zergetan hobariak eta diru laguntza zuzenak emango dituzte. 60.000 eurotik gorako proiektu denek izango dituzte laguntzak.
Etxebizitza eraikinetan iriste erraztasun unibertsala bermatzeko ordenantza onartu dute Etxebarrian. Eraikuntzen gaineko zergan %50eko hobaria zeukaten eta %90era igo dute. Horrez gain, diru laguntza zuzenen zenbatekoa ere igotzea erabaki du udalak. Etxebizitza eraikinen ezaugarrien arabera eta horiek egokitzeko egin beharreko lanen kostua kontuan edukiko dute laguntzak ematerako orduan.
Gehienezko laguntza 18.000 eurokoa eta 9.000 eurokoa izango da, kasuak kasu. «60.000 eurotik gorako proiektu denek izango dituzte laguntzak», jakitera eman du Jesus Iriondo Lejardi Etxebarriko alkateak.
Azaldu duenez, udalerriko etxebizitza eraikin batzuk solairu bi eta etxebizitza bikoak dira, eta horientzat iriste erraztasuna bermatzeko proiektuak egiteak, hau da, esate baterako igogailu bat jartzeak, kostu handia daukala ikusi dute. Hori dela eta, etxe mota horientzako laguntza bikoiztea erabaki dute. 18.000 eurokoa izango da horientzako laguntza.
Ordea, solairu bi eta lau etxebizitza dituzten eraikinetako bizilagunei, eta hiru solairu eta sei edo bederatzi etxebizitza artean dituztenei 9.000 euro emango diete gehienez. «Obraren kostua gehiagoren artean banatuta errazago ordaindu dezaketela ikusten dugu. Hala ere, horientzako ere laguntzak egongo dira».
Igogailua hobe. Igogailu bat jartzeak duen kostuagatik agian, etxebizitza eraikin batzuetan eskailerak gainditzeko plataforma jasogailuak jarri dituzte herritarrek. Etxebarriko Udalak, baina, igogailuak aukera hobea direla ikusten du: «igogailuak hobeagoak dira ebakuazio-arazoak saihesteko, hori dela eta erabaki dugu laguntzak igotzea plataforma jasogailuak barik igogailu bat aukeratu dezaten».