Tximistako atletek maila onean hasi dute lehen mailako kluben liga
Ines Lauzirikak, Naia Garetxanak eta Olatz Egigurenek Durangoko Bidezabal atletismo taldeagaz parte hartu zuten Elx-en (Alacant, Herrialde Katalanak) lehiatu zen ligako lehen jardunaldian. Bigarren eta hirugarren postuak eskuratu dituzte.
Ines Lauzirika, Naia Garetxana, eta Olatz Egiguren Lekeitioko Tximista atletismo taldeko kirolariak domekan [apirilak 25] Elx-en (Alacant, Herrialde Katalanak) lehiatu zen nazioarteko taldekako 1.mailako ligan parte hartu dute Bidezabal atletismo taldeagaz. Amets Amutxastegi ere aukeratu zuen taldeak, baina lesio baten ondorioz ez zuen joaterik eduki.
Lehen mailako atletismo ligako lehen jardunaldia izan zen domekakoa, eta leku ezberdinetan egin ziren lehiaketak. Durangoko Bidezabal klubari Elx egokitu zitzaion, eta Juventud Atletica de Elche, UCAM Cartagena eta Atletismo Silla de Valencia taldeekin neurtu ziren bertan.
Lauzirika, Garetxana eta Egiguren maila onean aritu ziren, postu eta marka onak eskuratuz. Lauzirikak bigarren postua lortu zuen hirukoitza jauzian 11,36 metroko saltoa eginda, Egigurenek pisu jaurtiketan parte hartu zuen 11,63 metroko jaurtiketa eginez eta hirugarren postua lortu zuen, eta Garetxanak 1,55 metroko jauzia egin zuen altuera jauziko proban eta hirugarren geratu zen. Sailkapen orokorrean, 2. postuan geratu zen taldea.
Lekeitioko Tximista atletismo taldekoek jakitera eman dutenez, maiatzaren 15ean jokatuko da bigarren jardunaldia, baina non izango den ez dakite oraindik.