Kutxa Bira ekimena martitzenean ailegatuko da Lekeitiora
Hainbat ekimen egingo dituzte kutxari harrera egiteko; ekintzak Abaroa parkean egingo dituzte, 17:30ean hasita.
Datorren martitzenean [maiatzak 4] egingo diote Lekeition harrera Iparra-Hegoa elkarteak antolatutako Bizi gira… kutxa bira! ekimeneko kutxari. Gautegiz Arteagatik helduko da kutxa Lekeitiora, eta ekitadiaren ondoren Larrabetzurako bidea jarraituko du.
Aittitta Txiki elkartea arduratuko da, herriko hainbat eragilerekin batera, kutxa ibiltariari ongietorria emateaz. 17:30ean egingo diote harrera kutxari Abaroa parkean, emakumeen aurreskuagaz.
Musika eta bertsoekin girotuko dute ekitaldia. Xabat Galletebeitiak egingo du bertsotan eta Miren Agur Meabek irakurriko du ondoren, Lekeition sortutako idatzia. Idatzi hori Meabek berak egindakoa dela aurreratu dute.
Horrez gain, Kaxarranka ere dantzatuko du Asier Uskolak, eta amaitzeko, gainera, Lekeitioko kantak abestuko dituzte. Pandemia egoera dela eta, osasun neurriak aplikatuko direla azpimarratu dute Aittitta txikikoek. Horrela, aforoa mugatuta egongo da, eta sarrerak aldez aurretik eskuratu beharko dira kultur etxean, 16:00etatik 20:00etara.
Urmeneta eta Martikorena. Kutxa Biraren harira beste hiru ekimen ere antolatuko dituzte asteburura begira. Alde batetik, barikuan [maitazak 7],19:00etan, Astihitza ikuskizunagaz gozatzeko aukera edukiko dute 5. mailatik gorako gazteek Ikusgarri aretoan. Ikuskizuna Asisko Urmenetak Agosti Xaho zuberotar pentsalari eta ekintzailearen bizitzari buruz idatzitako izen bereko liburu biografikoa abiapuntutzat hartuz sortutako ikuskizuna da, eta horretan, liburuaren atalen irakurketa dramatizatua egingo dute Daniel Arbeletxe, MariaƱes Gorostiaga eta Xanmari Irigoienek, Zuberoako kantu eta musika eskainiko ditu Ihitz Iriart musikariak, eta Asisko Urmenetak hitzaldia eskainiko du marrazten duen bitartean.
Sarrera dohakoa izango da, baina aforoa mugatuta egongo denez, sarrerak aldez aurretik hartu beharko dira kultur etxean, 16:00etatik 20:00etara.
Horrez gain, zapatuan [maiatzak 8] Erramun Martikorena eta Jose Angel Elizalderen emanaldia egongo da 12:30ean Abaroa parkean. Ekitaldi horretarako sarrerak ere eskuratu behar dira aldez aurretik, leku eta ordutegi berean.