Mutrikuk asteburuan hasiko du Lur Gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketa, Aulestin
680, 640 eta 600 kiloko jardunaldiak lehiatuko ditu talde mutrikuarrak. Maiatzaren 15ean Berriatuan eta maiatzaren 22an Mutrikun egingo dituzte jardunaldiak.
2021eko Lur Gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketa zapatuan [maiatzak 1] hasiko dute Aulestin, eta lehiara bueltatzeko gogoz daude Mutrikuko Sokatira Taldeko kideak. 11:30ean hasiko dute 680 kiloko lehen jardunaldi hori.
Aurtengo txapelketa ikuslerik barik egingo dute. 680, 640 eta 600 kiloko jardunaldietan ariko da talde mutrikuarra. “Pisu handirako zortzi justu gaude. Komeni da pisuan goitik joatea, 680ko kategoriara 640-630 kilogaz joatea pixka bat motz geratzen da, pisuan ematen dizuten aukera, jende handia sartzeko ez duzu aprobetxatzen”, azaldu du Jabi Urresti Mutrikuko Sokatira Taldeko kideak. 600 kilotan “maila polita” emateko aukera daukatela uste dute. “Hor jendeak esfortsu handia egin beharko du pisua jaisteko. 600 kilotan bakoitzaren batezbestekoa 70 kilo da, 80 kiloko bat sartzen baduzu 60 kiloko bat sartu behar duzu konpentsatzeko”.
Podiumen bat lortzea zaila izango dela dio Urrestik. Aurreko urteetakoa ikusita, euren lehiaren mailan egongo direnak Gaztedi B eta Akelarre direla deritzo: “Oxala, baina ez dut uste podiumera ailegatuko garenik. Gaztedi A eta Goiherri A maila on baten daude, eta pisu guztietan aurrean egongo dira horrek. Akelarrek ere talde nahikoa ona ateratzen du. Laugarren eta hirugarren postuak egongo dira jokoan, eta uste dut hor ibiliko garela”. Urrestik zehaztu du Gaztedi C nesken taldea izango dela, eta zortzi barik bederatzi neska sartzeko eskatu dutela. “Horiek gerra emango dutela uste dut, asko dakite sokan. Norberak baino gehiago egiten dute. Urteak daramatzate, Munduko eta Europako Txapelketak lehitutakoak eta dominak irabazitakoak dira”.
Talde mutrikuarra sasoi onean heldu da txapelketara. 12 sokatiralari daude: “Bi berriak dira, eta beste bi baja eduki genituen, eta kide bat min hartuta dago, hiruzpalau aste daramatza lesionatuta. Entrenamenduak egin ahal izan ditugu, eta uste dut puntu onean gaudela. Baina, faktore garrantzitsua da taldekide berriak izatea. Aurkariak betiko dira, berri baten bat ere egongo da, baina esan liteke haiek beste maila batean daudela”, azaldu du.
“Laugarren eta hirugarren postuak egongo dira jokoan, eta uste dut hor ibiliko garela”.
Zapatuko lehen saio hori taldea zelan dagoen, ze mailatan lehiatzeko gai den ikusteko izango dela uste du: “Elkarren kontrako lehia ikusteko gure artean egin izan dugu, lau lauren edo bost bosten kontra aritu gara. Txapelketan izango den moduan, zortzi eta zortzi egitea komeniko litzateke, baina talde motza da gurea, beste taldeetan jende gehiago daudenez, badaukate horretarako aukera”.
Txapelketa maiatzaren 1ean hasi eta uztailaren 24an amaitzea aurreikusi dute. Alabaina, aurreikusitako epeak betez gero, Mutrikuko taldeak ekainaren 26an bukatuko luke. Izan ere, 560 kiloko hiru jardunaldiak eta 580 kiloko jardunaldi bakarra ez ditu lehiatuko.
Maiatzaren 22an etxean ariko da taldea, eta jardunaldi horrek ilusioa egiten die. Izan ere, badira urte batzuk Mutrikun txapelketaren jardunaldirik egin ez dutela: “Galdonan egin izan dugu noizbait baina azken urteetan ez. Aurtengorako udalak ere prestutasuna agertu zuen. Ikuslerik barik denez aurtengoa, jendea ez pilatzeko lekuak bilatzen gabiltza”.
Antolakuntza euren esku. Mutrikuko Sokatira Taldeak antolatu ditu txapelketaren lehen bost jardunaldiak: “Udalekin adostuta horiek behintzat lortu ditugu. Guk topatu ditugu lekuak eta guk eramango ditugu sokak, pisuak… gure esku geratzen da dena. Adibibidez, Laukizeko saioak Gaztedik antolatuko ditu, eurek entrenatzen duten lekuan egingo ditugu, eta Erandiokoak ere Goiherrik entrenatzen duen lekuan dira”.
Txapelketaren egutegia:
- 680 KILO: Maiatzak 1 (Aulesti), maiatzak 8 (Azkoitia) eta maiatzak 15 (Berriatua).
- 640 KILO: Maiatzak 22 (Mutriku), maiatzak 29 (Hernani) eta ekainak 5 Laukiz).
- 600 KILO: Ekainak 12 (Goiherri-Erandio), ekainak 19 eta ekainak 26 (lekua zehazteke)
- Oharra: 560 kilokoan eta 580 kilokoan (mistoa) ez du parte hartuko Mutrikuko taldeak.