Lehiaketara aurkeztutako 21 lanetatik Payaren 'Bihotza kate' aukeratu du epaimahaiak. Ilustratzaileen txanda zabalduko dute orain.
Markina-Xemeingo Peru Abarka Album Lehiaketak badauka irabazlea. Xabier Paya Ruizen Bihotza kate lana saritzea erabaki du lehiaketako epaimahaiak. Iazko modura, 21 lan aurkeztu dira aurten Peru Abarka Album Lehiaketaren idazleen atalera, eta horien artean aukeratu dute Payaren lana. Leire Bilbao idazle ondarrutarrak, Iñaki Aldekoa Erein argitaletxeko editoreak eta Mari Eli Ituarte lehiaketako koordinatzaileak osatu dute epaimahaia.
Idazleak garai bateko kronika aurkezten duela azaldu du epaimahaiak, eta narrazio bizia eskaintzen duela gaineratu dute, “hizkuntza eder eta iradokitzailea erabiliz”: “Narrazioan familia barruko harremanek eta sasoi bateko gizarte estereotipoek, amets eta helburu pertsonalekin talka egiten dute. Baliteke zenbaitentzat aspaldiko kontuak izatea, baina detaile txikienek ere garai hartara garamatzate erraz asko”.
Epaimahaiaren esanetan, pertsonaiak “zehaztasun eta detailez josita” aurkezten ditu idazleak, gertu gertukoak balira bezala: “adin batekooi, batik bat, oso erreza egiten zaigu irudi eta egoera horiek ikustea, are sentitzea”. Kontakizun “sinesgarri eta indartsua” dela ere aipatu dute, “amaiera sotil eta eder batekin amaitzen dena”.
Narrazio irabazlea aukeratuta, ilustratzaileen txanda hasiko da orain.