First Lego League txapelketan parte hartu dute Berakruz Ikastolako ikasleek
Pandemia dela eta, Internet bidez egin dute parte hartzaileek proiektuaren aurkezpena. Bederatzi ikastetxek parte hartu dute gaurko [apirilak 30] lehiaketan.
Gaur [apirilak 30] egin den First Lego League Euskadi txapelketako Explore kategoriako norgehiagokan parte hartu dute Berakruz Ikastolako LH4ko ikasleek. Pandemiagatik izan ez balitz Donostian ospatuko zen lehiaketa, baina aurten, bakoitzak bere ikastetxetik, Internet bidez, egin behar izan du First Lego Leage Euskadiren baloreak kontuan hartuta gauzatu duten proiektuaren aurkezpena. Beste zortzi ikastetxekin batera aritu dira Markina-Xemeingoak.
Ikasturte hasieratik lanean aritu dira ikasleak. Gela osoak lan egin duen arren, sei laguneko talde batek aurkeztu du proiektua: Aiert eta Malen Praderak, Malen Ugartek, Izar Zelaiak, Joane Agirrek eta Natalia Navarretek.
Azaldu dutenez, euren ametsetako parkea, Mugimugi Parkea, eratu dute, eta talde lana izan dute oinarri. Horrela, bakoitzaren ideietatik abiatuta, ideiak batu eta elkarren artean adostutako jolas parkea eraiki dute. “Gelakide guztien proposamenak entzun eta proiektuan sartzen saiatu gara, denen artean adostuta”, azaldu dute. Eraikitzerako orduan, gainera, integrazioa, iriste erraztasuna edota jasangarritasuna eduki dituzte kontuan, besteak beste. Programazioa ikasteagaz gain, talde lanean aritzea izan dela hoberena ere azaldu dute ikasleek, eta lana eginez ondo pasatu dutela ere azpimarratu nahi izan dute.
Hiru laguneko epaimahaiak baloratu du ikasleen lana. Epaimahaian egon dira Idoia Ventura Berakruz Ikastolako zuzendaria, Ana Jesus Barinagarrementeria Berakruz Ikastolan urteetan teknologia irakaslea izandakoa eta Janoba Mariezkurrena Azaro Fundazioko ordezkaria. Hirurak zoriondu dituzte ikasleak egindako lanagatik, eta proiektuari buruzko galderak ere egin dizkiete. Euren eskuetatik jaso dute ikasleek amaieran, egindako lana saritzeko dominak.