Gorakada "nabarmena" atzeman dute industrialdeetako paperaren eta kartoiaren bilketan
Gaur gaurkoz, gaikako bilketa %56,99ra iritsi da Debabarrenan, 2020ko martxoan baino %6,19 gehiago. Mankomunitateak dio datuak positiboak direla.
Debabarreneko Mankomunitateak esan du industrialdeetako paperaren eta kartoiaren bilketan gorakada “nabarmena” erregistratu dutela. “2019an 404 tona paper eta kartoi bildu ziren (hilean 33.695 kilo), eta 2020an 380 tona (hilean 31.742 kilo). 2021eko lehen hiruhilekoan, baina, 35.623 kilo jaso dira, eta martxoan 43.520 kilo”.
Mankomunitateak doan eskaintzen dizkie birziklatzeko edukiontzi urdinak papera eta kartoia bereziteko borondatea erakusten duten enpresa guztiei. “Gaur egun 677 enpresek dituzte edukiontzi horiek”. Bilketa astelehen edo martitzenetan egiten dela esan dute: Mallabian, Ermuan, Eibarren, Soraluzen eta Mendaroon astelehen gauenta jasotzen da, eta Elgoibarren, Deban eta Mutrikun martitzenetan”.
Datu horien aurrean, Mankomunitateak eskerrak eman nahi izan ditu. “Eskertzekoa da gure eskualdeko enpresak gaikako bilketan edukitzen ari diren inplikazioa. Izan ere, industrialdeetako bilketa hobetzea funtsezkoa da 2030erako gaikako bilketan %70era iristeko”. Hain zuzen, gaur gaurkoz, gaikako bilketa %56,99ra iritsi da Debabarrenan, 2020ko martxoan baino %6,19 gehiago. “Dena dela, kontuan eduki behar dugu iazko martxoan alarma egoera eta konfinamendua ezarri zirela. Beraz, orduko datuak ez dira bilakaera baloratzeko adierazle egokiak”.