Ondarrutar egoki hitz egiteko bideoak egin dituzte
Guztira 11 bideo egin dituzte, eta asteon hasita, domekero argitaratuko dituzte. 11Barri diseinu eta komunikazio enpresak egin ditu bideoak, Udal Euskara Sailak hala eskatuta.
“Ondarrutarrok gure hizkera bereziaz harro agertu ohi gara. Baina zuzen hitz egiten ote dugu?”. Abiapuntu horrekin, Ondarroako Udal Euskara Sailak ondarrutar egoki hitz egiteko 11 bideo egin ditu, 11Barri diseinu eta komunikazio enpresagaz elkarlanean. “Gazte zein heldu, denok daukagu gure hizkeran zer zuzendu”, gaineratu dute udal ordezkariek.
Domekan hasita [maiatzak 2], domekero bideo bat argitaratuko dutela esan dute; 19:00etan argitaratuko dituzte, Ondarroako Udalaren webgunean, eta baita sare sozialetan ere (Facebook, Twitter, Telegram, Instagram eta Youtube). “Bideo horien helburua da egiten diren akatsak erakutsi eta nola zuzendu erakusteaz gain, hausnarketarako bidea zabaltzea, herriko hizkera ere modu zainduan erabili dezagun”. Bideoak egiteko hainbat herritarren laguntza eduki dute egileek; guztira ia 100 herritar inguru aritu dira, kamara aurrean edota atzean. “Ondarroako Udalak eskerrak eman nahi dizkie bideoak egiten lagundu duten herritar guztiei, gure altxorrik preziatuena dena erakusten, zabaltzen eta zuzentzen laguntzearren”.