Aitor Saizarrek eta Leire Iturbek jantzi dute IX. Lea Artibai Rallyko txapela
Bigarren Ioritz Odiaga aulestiarra eta Arkaitz Kobeaga ereñarra izan dira. Podiuma Aingeru Castrok eta Alaitz Urkiolak osatu dute.
Aurten ere eskualdean geratu da Lea Artibai Rallyko sari nagusia. Lasterketa on bat eginda, Aitor Saizar pilotu berriatuarrak eta Leire Iturbe kopilotu astigartarrak eskuratu dute aurten garaipena. Sailkapen orokorrean ez eze, klase 6 kategoriako onenak ere izan ziren. Lasterketa lau tarteak osatzeko 46 minutu, 20 segundo eta 482 milareneko behar izan zituzten.
Bigarren (46.59,945) Kastinparro Racing taldeko Ioritz Odiaga aulestiarra eta Arkaitz Kobeaga ereñarra izan ziren Renault Megane autogagaz eta podiumeko hirugarren postua (47.15,628) Hondarribiako Sardara elkarteko Aingeru Castrok eta Alaitz Urkiolak lortu zuten BMW M3 autoagaz. Kastinparro Racing taldeko Gorka Antxustegik eta Xabat Urrestik, ostera, lehen hamarren artean amaitu zuten. Zortzigarren helmugaratu ziren eta klase 4 kategoriako onenak ere izan ziren.
Peugeot 207 Super 2000agaz garaipenak pilatzen jarraitu du Saizarrek. Pilotu berriatuarrak estreinako jantzi du txapela Kastinparro Racingek antolatutako proban; “pozik” agertu da. “Duela hamar urte lasterketak egiten hasi nintzenean eskualdeko rally bat irabaztea zen nire helburu nagusia; azkenean lortu dut garaipena eta arantza hori kentzea lortu dut. Aurten denboraldiari ekiteko zalantzan egon gara, baina eskualdeko rallyan egindako denbora onei esker, eta goiko postuetako borrokan ahal garela ikusita, iaz zirkuituan lortutako lehen postua defendatzera irtengo dugu”.
Lasterketaren hasieratik lehen postuetarako borrokan sartuta ibili zen Markina-Xemeingo Hamaika automobil taldeko kidea. “Goizean arazo mekaniko batzuk izan genituen. Irteeran palierra hautsi zitzaigun eta aurreko trakzioagaz egin behar izan genuen tarte guztia; bi bidar zibarena ere egin genuen, eta horrek segundo batzuk galduarazi zizkigun. Bigarren tarterako arazo mekanikoak konponduta irten genuen. Bizi-bizi aritu ginen, baina 20 bat segundo galdu genituen beste zibarena bat eginda; hala ere gu izan ginen helmugan bizkorrenak”.
Goizeko bi tarteetan erritmo “ona” ezarri ostean, arratsaldeko bi tarteetan erasora jotzea erabaki zuten, bigarrenarekiko zuten denbora tartea handitzeko asmoz. “Hirugarren tartearen ostean lasterketaren buruan ipini ginen. Azken tartean lasaiago aritzeko asmoa bagenuen ere, azkar aritu ginen. Gustura sentitzen nintzen autoagaz eta kopilotuagaz, eta lortutako emaitza onari esker alde gehiago atera genien aurkariei”.
Kastinparro Racing taldeko kideak datorren urteko lasterketara begira jarrita daude. Datorren urtekoa eskualdeko hamargarren rallya izango da
Goizeko lehen tarteetan errepidea zer edo zer bustita egon zen, baina orduek aurrera egin ahala errepidearen egoerak hobera egin zuen. Saizarrek azaldu duenez, bustirako erruberak erabili zituen lasterketa osoan. “Zein errubera erabili erabakitzerako orduan gaitz egon zen, batez ere, goizean. Tarte batzuetan ez zegoen euririk, baina beste batzuetan bai. Guk geuk bustirako erruberak muntatu genituen, eta uste dut asmatu genuela. Azken tartean sikurako erruberak ipintzeko modukoa zegoen, baina guk denbora dexenteko abantaila genuenez, badaezpada bustirako erruberekin aritu ginen”.
Rallyari dagokionez, ondo joan zela azpimarratu dute Etxebarriko Kastinparro Racing taldeko kideek; balorazio ona egin dute. “Kategoria guztietako autoek parte hartu dute proban eta parte hartzaile zerrenda ere parte hartzaile askok osatu dute; horregaz pozik gaude. Parte hartzaileak oso gustura geratu ziren; aurtengorako prestatu dugun ibilbidea asko gustatu zitzaien”.
Tarterik konplikatuena lehenengoa izan zela esan dute. Auto bat irauli egin zen, eta atzetik irtenda zeudenek geratu egin behar izan zuten; tarte hori neutralizatu egin behar izan zuten. Beste hiru tarteetan ez zen aparteko arazorik egon. “Goizean euria ari zuen eta dena aldrebestu egin behar zela zirudien arren, denak ondo irten zuen”.
Antolatzaileek iragarri dutenez, datorren urteko lasterketara begira jarrita daude. Datorren urtekoa hamargarren lasterketa izango da, eta “ilusionatuta” daudela nabarmendu dute. “Ea zerbait berezia egin ahal dugun. Urteurren borobilari ikutu berezi eta polit bat emateko asmoa daukagu”.