Luis Arraizek Udaberriko Bizkaiko Sariketa irabazi du
Arraizek Ondarroa Karate Taldeko bere ikasleei ere eskerrak eman dizkie, euren maisu izaten uzteagatik eta bere jardunean jarraitzeko emandako bultzadagatik.
Ondarroa Karate Taldeko maisuak lehenengo postua lortu du Udaberriko Bizkaiko Sariketan, beteranoen kata modalitatean. Txapelketa zapatuan [maiatzak 1] lehiatu zuten, Bilboko Bizkaia frontoian. Arraizek esan duenez, sariketan emozioa izan zen nagusi. “Lehiakideen artean lehia sanoa zen nagusi. Askok maila ona erakutsi zuten”.
Lortutakoagaz pozik agertu da Arraiz, eta beste lehiakideak ere zoriondu ditu: “Zorionak ematen dizkiet Iker Bilbaori eta Juan Carlos Rodriguezi euren kategorietan urrea lortzeagatik eta eskainitako kata erakustaldi onagatik”. Bide beretik, Arraizek Ondarroa Karate Taldeko bere ikasleei ere eskerrak eman dizkie. “Eskerrak ematen dizkiet euren maisu izaten uzteagatik eta bide horretan aurrera jarraitzeko ematen didaten bultzadagatik”.
Aurtengo lorpenak. Aurtengoa lorpenez betetako urtea ari da izaten Arraizentzako: Otsailean Bizkaiko txapelketa irabazi zuen, eta martxoan Euskadikoa. Hala, ekainean jokatuko den Espainiako Txapelketarako sailkatuta dago. Horrez gain, Illescaseko Naziorteko Txapelketa irabazi zuen, martxoan baita ere. Eta hori guztia gutxiez balitz, apirilean I. Karate Estiloetako Espainiako Txapelketa irabazi zuen.