Mutriku Sokatira Taldea bosgarren sailkatu da Aulestin
Espero zuten emaitza dela esan du Jabi Urresti Mutriku Sokatira Taldeko kideak: "Zer falta zaigun ikusi genuen: elkarren kontrako entrenamenduak".
2021eko Lur Gaineko Euskadiko Sokatira Txapelketa Aulestin hasi zuten zapatuan (maiatzak 1). 680 kiloko lehen jardunaldia izan zen, eta ez zen ezustekorik egon. Gaztedi Ak lortu zituen puntu gehien, eta Goiherri eta Gaztedi B geratu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren.
2,5 puntugaz Akelarre laugarren eta Mutriku bosgarren sailkatu ziren. Gaztedi C izan zen azken sailkatua. Espero zuten emaitza dela dio Jabi Urresti Mutriku Sokatira Taldeko kideak: “Pentsatutako moduan atera zela esango nuke. Beste taldeen aldean, zer falta zaigun ikusi genuen: elkarren kontrako entrenamenduak. Lau lauren kontra, lau eta bost egiten dugu, baina zortzi zortziren kontrakoa falta zaigu, eta igarri egiten da. Lehia gogorrena, estuena Akelarren kontra izan zen, eta Gaztedi Bren kontra ere eduki genuen lehia, nahikoa ondo aritu ginen. Saiatu egin beharko gara, baina ea Gaztedi Bri tiradatxoren bat irabaztea lortzen dugun”.
Espero bezala, aurreko urteetan modura Goiherri A eta Gaztedi A taldeen nagusitasuna agerian geratu zela nabarmendu du: “Biak beste maila batean daude, eta ikusi zen Gaztedi A oso gogor etorri dela. Beteranoak dira, urteetan dabiltzanak eta alkar ondo ezagutzen direnak”. Aurten taldean hasi den sokatilariak debutatzeko aukera eduki zuen. Jardunaldiz jardunaldi hobetzen joatea espero dute: “Uste dut datorren zapatuan beste pentsaera bategaz, beste irudi bat emango dugula”.
Zozketak ezarritako hurrenkeran, denak denen kontra aritu ziren. Hain zuzen, 680 kiloko hiru jardunaldietan, sei talde parte-hartzaileak denek denen aurka arituko dira eta hiru jardunaldietako puntuen batuketak erabakiko du zein taldek jantziko duen 680 kiloko aurtengo txapela. Azkoitian lehiatuko dute 2. jardunaldia zapatu honetan (maiatzak 8), 17:00etatik aurrera eta azken jardunaldia maiatzaren 15ean izango da Berriatuan.