Oihana Kortazar, Espainiako txapeldun
Elgetarra hasieratik lasterketa buru joan da, eta 55 segundoren barruan sartu dira lehenengo laurak. Oihana Kortazarren hitzetan, "ibilbide oso teknikoa" izan da, lasterketa gogorra eta polita aldi berean. Espainiako Txapelketa irabazteagatik Munduko Txapelketetara zuzenean sailkatu da.
Oihana Kortazar Aranzetak Espainiako Txapelketa irabazi zuen atzo, Jaenen (Andaluzia). “Aukerak nituen, eta espero nuen baina ez nuen erraz eduki, borrokatu egin behar zen”, adierazi du Mutrikun bizi den elgetarrak. Garaipen honengatik, uztailean egingo diren Munduko Txapelketetetarako txartela eskuratu du; Espainiako Selekzioagaz joango da: “Denboraldi honetan hori zen nire helburu nagusia. Halako lasterketa ofizialak egingo diren bermea daukagu, eta beraz, aurten mundialean egotea nahi nuen”.
03.06.22 denboran amaitu zuen 28,5 km lasterketa, eta hunkituta heldu zen helmugara. Lehia oso estua eduki zuten emakumezkoetan, segundu gutxiren aldea egon zen lehenengo lauren artean. Euskal selekzioko bi kide igo ziren podiumera. Kortazarrengandik hamazazpi segundora sailkatu zen Maite Maiora Elizondo bigarrena, eta Aragoiko selekzioko Virginia Perez Mesonero sailkatu zen hirugarren (03.07.05). Andaluziako Patricia Pinedo Cornejok Perezengandik hamabi segundora amaitu zuen.
Kortazar hasieratik ipini zen aurretik, baina lau bat oso gertu eduki zituen lasterketa osoan zehar. Lasterketa “gogorra” izan zela, eta denek “asko sufritu” zutela dio: “Ez fisikoki bakarrik, mentalki ere gogor eustea izan zen gauza. Aurrean joan nintzen denbora guztian, baina ez nintzen kontziente atzetik zelan zebiltzan. Helmugako emaitzak ikusi besterik ez dago jakiteko oso estu joan zela gauza, 57 segundoren barruan lau neska sartu ginen eta”.
Aurreko bi asteburuetan lehiatu ostean, “nahikoa nekatuta” zegoela aitortu du: “Lasterketa hasi eta nahikoa azkar konturatu nintzen lasterketa gogorra egingo zitzaidala, neke hori sumatu nuelako, baina saiatu egin behar nintzen, eta neukana eta gehiago eman, eta lortu nuen azkenean”. 2.300 m-ko denibelari aurre egin behar izan zioten. Elgetarraren hitzetan, “ibilbide oso teknikoa” izan zen, lasterketa gogorra eta polita aldi berean. Jaengo Sierra Magina mendilerroan aritu ziren, eta esan duenez, Espainiako Txapelketa bat egiteko “kategoriazko ibilbidea eta lasterketa” izan ziren, mendiko txapeldunak aukeratzeko aproposa: “Oso igoera luze eta gogorrak eduki genituen, eta aldi berean korrika egiteko zati asko. Hankak txikitzen dizkizuten ibilbideak dira, denbora askoan igotzen ibili ondoren, bat-batean zati luze batzuk korrika egin behar izateak txikitu egiten dizkizu. Andaluzia aldera joateak asko merezi du, mendia gustuko dutenentzat eta ezagutzen ez dutenentzat oso gomendagarria da. Sierra Magina mendi zerra oso polita da, ikusgarria, mendi ikaragarriak”.
Espainiako Kopa. Bi aste barru, Espainiako Koparen 2. proba lehiatuko du, Miranda de Ebron (Burgos). Ekainean, berriz, Golden Trail Series-ekin, munduko zirkuituko probekin hasiko da. Ekainean bi egingo dituzte, Katalunian bata eta Frantzian bestea.