San Gregorio jaietako saioetarako sarrerak udaletxean hartu ahal dira
Naroa eta Hezurbeltzak taldeentzako kontzerturako eta Bibitxa antzezlanerako gonbidapenak eskuragai daude. Udaletxea ohiko ordutegian eta 17:00etatik 19:00etara egongo da zabalik. Zea Maysen kontzerturako sarrera guztiak agortuta daude.
Berriatua San Gregorio jaiak ospatzen hasiko da eguenean [maiatzak 6]. Egungo egoera kontuan hartuta, zazpi ekintzaz osatutako egitaraua prestatu dute, eta martitzenean [maiatzak 4] ekintza batzuetarako sarrerak hartzeko aukera egongo da, goizez edo arratsaldez, udaletxean; arratsaldean 17:00etatik 19:00etara egongo da udaletxea zabalik. Eguen arratsaldean [maiatzak 6] ere udaletxea zabalik egongo da.
Naroa musikariaren kontzertuagaz hasiko dira berriatuarrak sangregorioak ospatzen, eguenean [maiatzak 6]. Emanaldia 19:00etan hasiko da, eta sarrera doan bada ere, txartela udaletxean hartu behar da.
Barikuan [maiatzak 7] Hezurbeltzak musika taldearen kontzertua egongo da, 19:00etan baita ere. Eta horretarako ere gonbidapena hartu behar da udaletxean.
Zapatuan [maiatzak 8] Munduan berbena (12:30) eta Zea Mays taldearen kontzertua (18:00) egongo dira. Berbenari dagokionez, izena emateko epea amaituta dago. Zea Maysen kontzerturako, ostera, sarrerak agortuta daude. Izan ere, apirilaren 20tik 27ra bitartean Berriatuan erroldatutakoek hartu ahal izan dituzte sarrerak, eta apirilaren 28tik aurrera beste herrietakoek ere bai.
Domekan [maiatzak 9] berriro ere Munduan berbenaz gozatzeko aukera egongo da eguerdian, eta 19:00etan Ainhoa Etxebarria eta Nerea Gartzia aktore ondarrutarrek antzezten duten Bibitxa umorezko antzezlana ikusteko aukera egongo da. Azken hori ere doan da, baina sarrera udaletxean hartu behar da.
Azkenik, astelehenean [maiatzak 10] umeentzako ginkana egingo dute, eta horrekin amaituko dira sangregorioak.
Ekintzak, plazako karpan
Ikuskizun guztiak plazako karpan egingo dira, umeentzako ginkana ezik. Eta gogorarazi dute saio guztietan segurtasun neurriak bete beharko direla eta maskara jantzita eduki beharko dela. Ā«Ezingo da edari edo janaririk kontsumitu ikuskizunek irauten duten bitarteanĀ».