Mugikortasuna, biltze eskubidea eta ordutegiak mugatu nahi ditu Jaurlaritzak, astelehenetik
Espainiako Gobernuak bere asmoei eutsi die eta domekan [maiatzak 9] bertan behera utziko du alarma egoera. Beraz, Jaurlaritzak barikuan aurkeztuko du lege dekretua eta astelehenean [maiatzak 10] sartuko litzateke indarrean. "Datorren uda ez da normala izango", esan du Zupiriak.
Iñigo Urkullu lehendakariak atzo iragarri zuen Espainiako Gobernuak alarma egoera ez luzatzea erabakiko balu neurri murriztaileak indarrean jarraitzeko lege dekretu bat onartuko luketela barikuan [maiatzak 7]. Gaur zehaztu dute lege drekretuak mugimendua, gaueko ordutegiak eta biltze eskubidea arautu ahalko dituela, eta astelehenean [maiatzak 10] indarrean sartuko litzatekeela.
Esan dute datozen hilabeteetan neurriak hartzen jarraitu beharko dugula aurreikusi dute. “Datorren uda ez da normala izango. Hilabete hauetan guztietan ikusi dugu mugimendua, biltze eskubidea eta gaueko ordutegiak arautzea eraginkorra dela”, esan du Bingen Zupiria Jaurlaritzaren bozeramaileak.
Espainiako Gobernuak bere asmoei eutsi die eta domekan [maiatzak 9] bertan behera utziko du urriaz geroztik indarrean egon den alarma egoera. Horrek esan nahi du erkidegoetako gobernuek oinarrizko eskubideekin lotutako neurriak hartzekotan, tokiko auzitegi nagusien babesa beharko dutela; Eusko Jaurlaritzak EAEko Auzitegi Nagusiaren onespena beharko du. Horregatik, Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak errege dekretu bat onartu du gaur [maiatzak 4] alarma egoera amaituta sor daitekeen ziurgabetasun egoerari bide emateko.
Espainiako Auzitegi Gorenak edukiko du neurri murriztaileen inguruko azken hitza. Modu horretan «aterki juridikoa» eman nahi zaie erkidegoei
Moncloak iragarri berri duen dekretuaren arabera, erkidegoei ahalbidetzen zaie Espainiako Auzitegi Gorenean kasazio helegitea jartzeko tokiko auzitegiek ez badiete uzten neurri murriztaileak hartzea. Hau da, dekretuaren bitartez, Espainiako Auzitegi Gorenak edukiko du neurri murriztaileen inguruko azken hitza. Modu horretan «aterki juridikoa» eman nahi zaie erkidegoei pandemiaren aurkako neurriak hartzeko, doktrina bateratuz eta erkidegoen arteko bereizketak saihestuz.
Salbuespenezko egoera juridiko horrekin erkidegoek arazorik izan ez dezaten, Ministroen Kontseiluak dekretu bidez moldatu egin du Administrazioarekiko auziak arautzen dituen legea, eta horri esker erkidegoetako gobernuek Auzitegi Gorenean kasazio helegitea aurkeztu ahal izango dute euren lurraldeetako epaitegiek pandemiari aurre egiteko neurriak baliogabetzen badituzte.
Dekretu berriarekin, gainera, alarma egoeraren baitan hartutako beste neurri batzuk hiru hilabetez luzatuko dituzte. Besteak beste, etxebizitzarekin eta pobrezia energetikoarekin zerikusia dutenak. Neurriok hiru hilabetez jarraituko dute indarrean, hau da, abuztuaren 9ra arte.