EAEko Fiskaltza joan-etorriak mugatzearen eta etxeratze aginduaren kontra agertu da
Txosten bat prestatu du Eusko Jaurlaritzak maiatzaren 10ean indarrean jarri nahi duen dekretuari buruz, eta kontra agertu da zenbait puntutan. Bilerak lau lagunera mugatzea, aldiz, legezko ikusten du.
Fiskaltzak ez ditu argi ikusten Iñigo Urkullu lehendakariaren asmoak. Iruditzen zaio alarma egoera bukatuta ezinezkoa dela Euskal Autonomia Erkidegoan, probintzietan eta herrietan ere sartu-irtenak mugatzeko asmoa eta etxeratze agindua arautzea. EAEko Jusitiza Auzitegi Nagusiari txostena bidali dio fiskalak, Jaurlaritza prestatzen ari den dekretuaren zirriborroari buruz; Jaularitzak maiatzaren 10ean sartu nahiko luke indarrean dekretu hori, alarma egoera bukatzeak sortuko duen lege hutsunea betetzeko.
Martitzenean [maiatzak 4] bidali zion Jaurlaritzak dekretuaren zirriborroa Auzitegi Nagusiari. Dekretuak lege babesik ote lukeen jakiteko tramite bat da. Administrazioarekiko Auzien salak aztertuko du dekretua eguenean [maiatzak 6]. Beranduenez, barikuan [maiatzak 7] eman beharko luke epaia auzitegiak, eta Jaurlaritzaren Labi batzordea barikuan [maiatzak 7] bertan bilduko da.
Bitartean, fiskalak hartu du jarrera, eta uste du alarma egoeraren lege babesik gabe Jaurlaritzak ez duela eskumenik mugikortasuna mugatzeko eta etxeratze aginduak ezartzeko. Jende bilerak mugatzeko, ordea, ikusten du aukera fiskalak. Iruditzen zaio neurri horrek ez duela urratzen herritarren biltzeko eskubidea, eta ebatzi du ez lukeela epaitegien baimenik beharko taldeak lau pertsonara mugatzeko.
Jendearen joan-etorriak mugatzeko neurriak erabat lotuta daude alarma egoerara juridikoki, fiskalaren aburuz, eta ezinezkoa da halako eskubide murrizketak ezartzea alarma egoerarik ez bada. Fiskaltzaren jarrera hori orokorra izango bide da Espainiaren administraziopeko lurraldeetan.
Espainiako inguruko erkidego batzuek iragarri dute mugirkotasuna libre utziko dutela domekatik [maiatzak 9] aurrera. Polemika ere sortu da horren harira, Miguel Angel Revillak esan baitu Urkulluk itxiera perimetralari eusteko asmoa zuela jakinarazi ziola; lehendakariak, ordea, gaur ukatu egin du Revillari halakorik esan izana. Eguenean [maiatzak 6] fiskaltzaren jarrera nagusituko balitz, euskal lurraldeen artean zirkulatzeko aukera egongo litzateke domekatik aurrera.