Alarma egoerarik gabe, neurri ia guztiak epaileen erabakien menpe geratuko dira
Aditu batzuek diote legedi arruntak helduleku juridiko nahikoa ematen dizkiela erkidegoei beharrezkoak diren neurri murriztaileak hartzeko. Besteek diote alarma egoerarik gabe, administrazioek ez dutela gaitasunik edukiko indarrean dauden hainbat neurri murriztaileri eusteko.
Espainiako Gobernuak bertan behera utziko du domekan [maiatzak 9] COVID-19aren aurkako izurriari aurre egiteko alarma egoera. Erabaki horrek ekar ditzakeen ondorioek ezinegona eragin dute erakundeetan. Hala, Eusko Jaurlaritzak kezka agertu du pandemiari aurre egiteko neurriak ezartzeko mugen eta berme juridikoen inguruan.
Eremu politikoan dago auzia, baina juridikoa da mamia. Eta juristen artean ere eztabaida dago. Alarma egoera bertan behera utzita, erkidegoek ahalmena izango dute oinarrizko askatasunak mugatzen dituzten neurriak hartzeko? Joan-etorrien debekua, etxeratze agindua edota elkartzeko debekua ezarri ahal izango dituzte? BERRIAk kontsultatu dituen zuzenbide adituen artean ez dago erabateko adostasunik, indarrean dauden legeen babes juridikoaz nahikoa interpretazio ezberdinak egiten dituztelako. Hala ere, denak bat datoz puntu batean: alarma egoerarik gabe, neurri ia guztiak epaileen erabakien menpe geratuko dira.
Aditu batzuek ez dute zalantzarik: legedi arruntak helduleku juridiko nahikoa ematen dizkie erkidegoei beharrezkoak diren neurri murriztaileak hartzeko. Hala uste dute Iñigo Urrutia EHUko Zuzenbide irakasleak eta Zelai Nikolas Europako Zuzenbideko eta Konstituzio Zuzenbideko adituak. Biek diotenez, Osasun Publikorako Neurri Bereziak arautzen dituen 3/1986 Lege Organikoak eskaintzen dizkie tresnak; zehazki, lege horren hirugarren artikuluak. Artikulu horrek zehazten du erkidego bakoitzeko osasun agintariek «beharrezkotzat jotzen dituzten» neurriak har ditzaketela transmisio bidezko gaixotasunak kontrolatzeko. Urrutiaren iritziz, arau horrek interpretazio «zabala» dauka, eta, beraz, haren «babespean» jardun dezakete erkidegoek pandemiaren aurka, alarma egoerarik ezarri gabe.
Juanjo Alvarez EHUko Zuzenbide Pribatuko katedradunak, ostera, legeen edukiari erreparatu dio, eta ez du zalantzarik: alarma egoerarik gabe, administrazioek ez dute gaitasunik edukiko indarrean dauden hainbat neurri murriztaileri eusteko. Alvarezen ustez, indarrean dauden lege arruntak Osasun Publikoko lege organikoa edo Babes Zibilerako lege organikoa ez daude pentsatuta oinarrizko eskubideak murrizteko, eta, beraz, erkidegoei ez diete ahalmenik ematen. «Eskubideen murrizketa orok lege organiko baten babesa behar du, baina lege horiek ez dute halakorik jasotzen, modu oso subjektiboan aurreikusten dituztelako eskubideen murrizketak». Hau da, itxiera perimetralak eta etxeratze aginduak ezin dira ezarri lege horiekin, Alvarezek esplikatu duenez.
Ohartarazi dute oinarrizko eskubideekin talka egiten duten erabaki guztiek justiziaren berrespena beharko dutela, ezinbestean
Iritzi berekoa da Ainhoa Lasa EHUko Konstituzio Zuzenbideko irakaslea ere. Irmo dio: «Erkidegoek ez dute eskumenik konfinamendua edo etxeratze agindua ezartzeko. Osasun alorreko oinarrizko araudiak ez die horretarako aukerarik ematen».
Lege organikoetan eta legedi arruntean zirrikituak egon badaudela diote, ostera, Urrutiak eta Nikolasek. Uste dute ohiko legeek oinarrizko eskubideak mugatzeko aukera ere ematen dutela, eta erkidegoei nahikoa tresna jartzen dizkietela eskura osasun krisia kudeatzeko. Hori bai, ohartarazi dute oinarrizko eskubideekin talka egiten duten erabaki guztiek justiziaren berrespena beharko dutela, ezinbestean. «Hor dago gakoa», zehaztu du Urrutiak.
Izan ere, erkidegoetako osasun agintaritzek baimena eskatu behar diete auzitegiei giza eskubideak edo askatasun publikoak mugatzen dituzten erabakiak hartzeko. Horiek hala, domekatik aurrera [maiatzak 9] Eusko Jaurlaritzak Justizia Auzitegiaren oniritzia beharko dute, besteak beste, itxiera perimetralak ezartzeko, gaueko ordutegian zirkulazio askea mugatzeko eta bilkurak mugatzeko.
Alvarez: «Neurriak indarrean sartu aurretik epaileen ebazpena itxaron beharko da, astebete gutxienez. Epe horretan, linbo juridiko batean egongo gara, neurri murriztailerik gabe. Birusak, bitartean, bere kasa mugitzen jarraituko du».
Horiek hala, domekatik aurrera «ziurgabetasun» egoera bat etor daitekeela iragarri du Alvarezek. «Argi eta garbi». Alvarezek azaldu duenez, alarma egoeraren dekretuak eskaintzen duen lege babesa desagertuz gero, Hegoaldeko administrazioak «segurtasun juridikorik» gabe geratuko dira, besteak beste, joan-etorriak mugatzeko. Ordea, prebentzio eta higiene neurri orokorrak hartzeko espazio publikoen edukiera mugatzeko, edota maskararen erabilera arautzeko eskumenak edukitzen jarraituko dute.
Pandemiaren aurkako legea. BERRIAk kontsultatu dituen juristen ustez, ezinbestekoa da erkidegoei osasun krisia kudeatzea ahalbidetuko dieten tresnak lege batean jasota egotea. Eusko Legebiltzarra tramitatzen ari da pandemia kudeatzeko lege egitasmoa, EAJk eta PSEk sustatuta. Ez da edozein epidemiari aurre egiteko ondutako araua: COVID-19aren izurriaren ondorioz sortutako premiazko beharrei erantzuteko egin da, «egoera jakin baterako lege zehatz bat behar delako». Adituek beharrezkoa ikusten dute lege propio bat garatzea, baina tramitean dagoena hankamotz geratuko dela uste dute, Espainiako Gobernuaren legediaren menpe dagoelako. Alvarez: «Legea zuzena da, ordenatua, baina arazo bat du: ez du eskumen berririk sortzen». Lege egitasmoaren ataria esanguratsua da ikuspuntu horretatik, lau aldiz aipatzen baitu alarma egoeraren araudia dela jarduteko eremua. «Ez du balio egungo egoerari erantzuteko».