Kirol arrantza arautuko lukeen proposamenaren aurka agertu dira aisialdiko arrantzaleak
Espainiako Nekazaritza eta Arrantza Ministerioaren proposamenari alegazioak aurkeztuko dizkiete. Arau berriak hainbat aldaketa eragingo lituzke; besteak beste, arrantzale bakoitzak egunean arrantzatu ahalko lukeen gehienezko hegaluze kopurua bostetik hirura jaitsiko litzateke.
Aisialdiko itsasontzietan kirol arrantza egiten dutenak kexu eta haserre daude. Espainiako Nekazaritza eta Arrantza Ministerioak kirol arrantza arautzeko errege dekretu proposamen berria aurkeztu du, eta horrek hautsak harrotu ditu Kantauriko eta Mediterraneoko uretan aritzen diren aisialdiko arrantzaleen artean. Bizkaiko eta Gipuzkoako aisialdiko arrantzaleen jardueran ere eragina edukiko luke, eta bertoko arrantzaleak ere arau dekretu berria onartzearen aurka agertu dira.
Arau berriak hainbat aldaketa eragingo lituzke. Nabarmenen artean honakoak daude: arrantzatzen duten arraina ebaketak eginez markatzera behartuta egongo lirateke eta lizentzia bakoitzeko gehienez arrantzatu daiketekeen arrain kopurua ere nabarmen murriztuko litzateke. Besteak beste, egunean gehienez bost bisigu arrantzatu ahal izatetik urtean bakarra arrantzatu ahal izango dute. Hegaluzearen kasuan, berriz, arrantzale bakoitzak egunean arrantzatu ahal duen gehienezko kopurua bostetik hirura jaitsiko da, eta mojen kasuan berriz, bostetik batera jaitsiko da kuota.
Espainiako ministeritzak apirilaren 24an egin zuen publiko neurria, eta maiatzaren 17ra arte alegazioak aurkezteko aukera zabalik dago.
Hegaluzearen kuota murrizketa “neurrigabea eta baztertzailea” iruditzen zaiela azpimarratu dute aisialdiko arrantzaleek. “Uste dugu ez dagoela arrazoitua egin nahi den murrizketa. Duela gutxi tunidoen arrantza arautzen duen erakundeak irizpide zientifikoetan oinarritutako txosten bat argitaratu du; espezie horren stock-ak osasun ona duela baieztatzen da. Txosten hori erreferentziatzat hartuta, arrantza profesionalarentzako kuota %12,5 handitu du Espainiak. Hori kontuan hartuta, aisialdiko arrantzaleen kuota jaistea arrazoitu gabea eta diskriminatzailea dela iruditzen zaigu”, azaldu du Bixente Galarraga Mutrikuko Alkolea-Intxirri kirol ontzien elkarteko presidenteak.
Sektore osoan eragina
Espainiako ministeritzak apirilaren 24an egin zuen publiko neurria, eta maiatzaren 17ra arte alegazioak aurkezteko aukera zabalik dago. Neurri berriaren aurka alegazioak aurkeztuko dituztela iragarri dute; elkarteak atxikimenduak batzen hasita daude. Alkolea-Intxirrikoek agertu dutenez, arau proposamenaren aurkako erantzuna han-hemenka “indartsua” izaten ari da. “Gipuzkoa eta Bizkaia mailan ez eze, Kantabria, Asturias, Galizia eta Herrialde Katalanetako jendea ere errege dekretu proiektu honen aurka mugitzen ari da. Asmoa kexa ahalik eta jende gehienak bidaltzea da”.
Indarrak batu eta arau proposamena bertan behera lagatzeko askotariko mobilizazioak egiteko asmoa dute. “Santanderren (Kantabria, Espainia), adibidez, gaia salatzeko manifestazioak egiteko asmoa daukate. Guk, aldiz, portu barruan itsasontziekin atera eta turutak joaz protesta zaratatsua egiteko asmoa daukagu. Beste hainbat portutan ere protesta zaratatsuak antolatu dituzte astero”.