LABek ere Ondarroako kale garbitzaileek jasandako erasoa gaitzetsi du
Ondarroako Udaleko LABeko atal sindikalak "babesa eta elkartasuna" adierazi diete langile erasotuei; jasandako erasoa ez dela lehenengoa diote.
Ondarroako Udaleko LABeko atal sindikalak astebukaeran jazotako gertakariak “irmoki” salatu nahi izan ditu. Ezezagunek lanean ari ziren bi kale garbitzaile erasotu zituzten zapatuan [maiatzak 1]; zehazki, kale garbitzaileen ibilgailua perdigoi bategaz, arrautzekin eta pintura gorriagaz erasotu zuten. Halako ekintzak “onartezinak” direla azpimarratu dute. “Pandemia ezarri zenetik urtebetera, garbi geratu da zerbitzu publikoen garrantzia. Badirudi batzuek txaloen ordez nahiago dutela langileak erasotu, tirokatu!”.
“Babesa eta elkartasuna” adierazi diete udaleko langile erasotuei, baita kaleetan lan egiten duten langile publiko guztiei ere, “funtsezko zerbitzu publikoen defentsan onena ematen dutelako”. Sindikatu abertzaleak jakitera eman duenez, udal langileen aurkako erasoak gehiagotan ere errepikatu dira. “Ez dira lehen erasoak, beste egun batzuetan ere jaso dituzte erasoak”.
Gertaera argitzeko eskatu dute eta, aldi berean, agintari politiko eta udaleko prebentzio arlokoei behar diren ikerketak “azkenera arte” eramateko eta funtsezko zerbitzu horien “jardun segurua” bermatzeko exijitu dute. “Ondarroako Udaleko LABeko atal sindikalak bere esku dagoen guztia egingo du hau ikertu eta gehiago gerta ez dadin. Prest gaude udaleko beste eragile sindikal, arduradun politiko eta langile kolektiboagaz erantzun, protesta eta mobilizazioak egiteko”.