Ondarroako Berdintasun Plan berria zehazteko lan saioa antolatu dute
Etxelilako erabiltzaileei saioan parte hartzeko dei berezia egin diete. Parte hartzeko interesa dutenek izena emateko aukera zabalik daukate.
2019ko III. Berdintasun Planaren ebaluazioa abiapuntutzat hartuta, IV. Berdintasun Plana zehazteko prozesu parte hartzailea abiarazi du Ondarroako Udalak. Berdintasun Planari hasierako emateko, Etxelilako erabiltzaileentzako lan saio ireki bat antolatu dute; saioa maiatzaren 12an egingo dute, 18:00etan, Etxelilan bertan. Erabiltzaile guztiei saioan parte hartzeko deia egin die Irina Alkorta Bedialauneta Berdintasun zinegotziak. “Denon iritziak jasotzea garrantzitsua izango da ahalik eta planik osatuena, gaurkotuena eta herrira eta egoera berrietara egokituena dena osatzeko”.
Izen-ematea. Saioan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da: Etxelilan, etxelila@ondarroa.eus posta elektronikora idatzita, 94-613 40 08 telefono zenbakira deituta edo 665 454 367 zenbakira whatsappa bidalita.
Martxoan hasi ziren Berdintasun Plan berria eraikitzeko prozesuagaz, eta urte amaierarako plan berria edukitzea aurreikusten dute. Azpimarratu dutenez, prozesua parte hartzailea izango da eta herriko hainbat eragile eta norbanakok parte hartuko dute bertan. Tartean, honakoek: Berdintasun Kontseiluak, hezkuntza eta hezkidetza arloko agenteek, talde feministek, Etxelilako erabiltzaileek, Gizarte Zerbitzuek, berdintasun sailak eta udaleko beste alorrek.
Plan berriak Emakunderen VII. Berdintasun Planak ezarritako ardatzak jarraituko dituela esan du udalak. Lau arlo hartuko ditu kontuan: gobernu ona; emakumeen ahalduntzea; ekonomiak eta gizarte antolakuntzak eraldatzea, eskubideak bermatzeko; eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzak.