Turismoaren Kode Etikoaren erregistroan sartzea lortu du Ondarroako turismo bulegoak
Gaur gaurkoz Lea-Artibaiko hamabi turismo eragile daude zerrendan.
Ondarroako turismo bulegoagaz batera, Ondarroako Batzokia ere sartu da zerrendara. Gaur gaurkoz Lea-Artibaiko hamabi turismo eragile daude zerrendan. Funtsezko printzipio batzuk ezartzea da Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren helburua, eragile turistikoek erantzukizuna eta jasangarritasuna integratu ditzaten beren eguneroko jardunean; errespetua eta ulermena hartzen dira abiapuntutzat. Helburu horri jarraituz eta planaren gainontzeko guztiak betetzeko konpromisoa hartuta, Ondarroako bi eragileek erregistroan sartzea lortu dute.
Erregistro horretan sartzean turismo agenteek beraien gain hartzen dute tokiko kultura, tradizioa eta kultura ondareko elementuak errespetatzea eta horien zaintza sustatzea. Barneratzen diren gai nagusien artean berdintasuna, gizarteratzea eta aniztasunarekiko tolerantzia, jasangarritasuna, bertako tradizioaren eta kulturaren sustapena eta pertsonen eskubideak daude, besteak beste.
Euskadiko Turismoaren Kode Etikoak zortzi printzipio ditu. Ondarroako Udalak jakitera eman duenez, turismo bulegoak guztiak betetzeko konpromisoa hartu du. Honako printzipioek osatzen dute zerrenda:
- Turistak ulertzen eta errespetatzen laguntzea.
- Berdintasuna, gizarteratzea eta aniztasunarekiko tolerantzia.
- Jasangarritasuna.
- Bertako tradizioaren eta kulturaren sustapena.
- Gizateriaren kultur ondarea zaindu.
- Bikaintasuna eta profesionaltasuna.
- Pertsonen eskubideak errespetatu.
- Tratu egokia eman sektoreko langile eta enpresariei.