Hiru pilota txapelketa hasiko dira asteburuan
Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketa, Bizkaia Cup eta Herriartekoa hasiko dira jokoan asteburuan. Lea-Artibai eta Mutrikuko bikoteak ez dira faltako norgehiagokatan.
Udara bitartean pilotalekuz pilotaleku ibiliko dira Lea-Artibai eta Mutrikuko pilotariak. Asteburu honetan hiru txapelketa hasiko dituzte. Alde batetik, Ezker Paretako EHko Kluben Arteko Txapelketa hasiko da jokoan hiru modalitate ezberdinetan: zesta-punta, esku pilota eta paleta. Bestalde, Bizkaia Cup edo Udaberri eta Herriarteko txapelketa jokatuko dute esku pilota eta paletako pilotariek.
Guztira, bertoko 24 bikotek parte hartuko dute Euskal Herriko Kluben Arteko Zesta-Punta Txapelketan, lauk esku pilotan eta bakarrak paletan. Zesta-puntari dagokionez, kategoria guztietan egongo dira bertoko ordezkariak, eta kategoria bakoitza talde ezberdinetan banatuta egongo da, 22 urtez azpikoen eta Ohorezko maila ezik. Markina-Xemein, Berriatua, Mutriku, eta Lekeitioko klubek parte hartuko dute bertan. Ligaxka eran jokatuko dute, eta ekainaren 20ko asteburuan izango dituzte finalaurrekoak. Finala, ostera, ekainaren 27an izango da.
Esku pilotan, berriz, lau bikote ariko dira Euskal Herriko Txapelketan, Markina-Xemeingoak hiru eta Lea Ibarra Motrolloko bat. Lea Ibarrakoek palaz ere ordezkaritza edukiko dute.
Bestalde, hamasei udalerrik parte hartuko dute Eskuzko Herriarteko 51. Txapelketan, tartean Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeak eta Lea Ibarra Motrollok, eta final handia Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko da, ekainaren 20an. Lea Ibarra Motrollo eta Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldekoek Bizkaia Cup edo Udaberri txapelketan ere parte hartuko dute. Hiru bikote izango ditu Markina-Xemeingo taldeak jokoan, Lea Ibarra Motrollok, berriz, zazpi. Ligaxka eran jokatuko dute eta uztailaren 4an izango dira finalak.