Mutrikuko Udal Musika Eskolaren Aste Musikala, astelehenetik aurrera

Kontzertu guztiak Zabiel plazan eskainiko dituzte, baina euria eginez gero, 'streaming' bidez emango dituzte, publikorik gabe

Astelehenetik [maiatzak 10] barikura [maiatzak 14] musikak Mutriku zipriztinduko du. Urtero egin modura, Aste Musikala antolatu du Mutrikuko Udal Musika Eskolak. Guztira, hamar emanaldi labur eskainiko dituzte; berritasun modura, bina emanaldi eskainiko dituzte egunero: lehenengo emanaldia 18:30ean eskainiko dute, eta bigarrena, berriz, 19:30ean.

Iragarri dutenez, kontzertu guztiak Zabiel plazan eskainiko dituzte, baina euria eginez gero, udal musika eskolako musikariak teknologiaz baliatuta eskainiko dituzte emanaldiak; streaming bidez emango dituzte, publikorik gabe.

Egungo osasun larrialdi egoeraren ondorioz, kontzertuek aforo mugatua daukate; aurretik doako gonbidapena eskuratzea ezinbestekoa izango da. Esan dutenez, gonbidapenak Mutrikuko Udalaren webgunean (www.mutriku.eus) eskuratu daitezke.

Hamar kontzertuak bereziak izango dira; astelehenekoan soka eta metalezko instrumentuak sartuko dituzte; martitzenekoan metala eta korala; eguaztenekoan musika eta mugimendua; eta eguenean, berriz, Putz Band eta trikitixa taldekoen txanda izango da. Barikuko bi kontzertuetan, azkenik, piano taldekoen eta Euskal Musika taldekoen txanda izango da.

 

EGITARAUA

  • Maiatzak 10, astelehena
    • 18:30. Biolin, tronpeta, txistu, zeharkako txirula eta txistua, soka eta akordeoi taldeak.
    • 19:30. Zeharkako txirula taldearen eta Banda Txikiren emanaldia.
  • Maiatzak 11, martitzena
    • 18:30. Saxofoi, musika mintzaira eta koral taldeen emanaldiak.
    • 19:30. Saxofoi, klarinete, musika mintzaira, koral eta saxofoi eta trikitixa taldeen saioak.
  • Maiatzak 12, eguaztena
    • 18:30. Musika eta mugimendua eta koral taldeen saioak.
    • 19:30. Folk, tronpeta, tronboi eta bonbardino taldeen saioak.
  • Maiatzak 13, eguena
    • 18:30. Putz Band, saxofoi eta Zeuk esan taldeen saioak.
    • 19:30. Trikitixa eta akordeoi eta trikitixa taldeen saioak.
  • Maiatzak 14, barikua
    • 18:30. Klarinete, saxofoi eta piano taldeen saioak
    • 19:30. Euskal Musika taldearen saioa.