Nerea Arrien lekeitiarrak gizarte likidoaren testigantza jaso du liburu berrian
Zigmunt Baumanen kontzeptua du abiaburu eta uraren zikloa ardatz 'Jende Likidoa' lanak. Herratu, zalantzati eta helduleku fermurik barik alderrai dabiltza pertsonaiak.
Nerea Arrien idazle lekeitiarrak azken lana aurkeztu du aste honetan, Jende Likidoa. Haur literaturan egin duen ibilbideagatik da ezaguna batez ere Arrien, baina oraingoan helduei begirako ipuin liburua argitaratu du.
Kontzeptu bat du ardatz lan berriak: Zigmunt Bauman soziologo eta filosofoaren modernitate likidoa. Horren arabera, gizartea, pertsonak eta harremanak lurrunkorrak eta iragankorrak dira, etengabe aldatuz doaz. Ideia horretatik abiatuta eta uraren zikloa ardatz modura erabiliz, liburuko ipuinak eta pertsonaiak kateatzen joan da Arrien, fikziozko pertsonaia eta istorioak sortuz.
Lurrundutako jendea edota jende eferbeszentearen garaira heldu baino lehen, likidoa den denbora bateko lekukotasuna jaso nahi izan du Arrienek. Abiapuntua kostaldeko herri txiki bat da, baina kostaldeko portu horiek ere desagertzen eta kirol portuetan bilakatzen direla dio idazleak. «Ez dago baxurarik, ez dago alturarik eta hor garbi ikusten da gizarte likidoak urari ematen dion tratamendua». Gizarte likidoak identitate asko izateko aukera ematen duela dio idazleak, ama, ahizpa, lagun… «Ura izan daiteke lurruna, izan daiteke gasa, solidoa, baina azkenean uraren zikloa den horretara bueltatzen da. Pertsonaia guztiak daude ziklo horretan kateatuta, tranpa likido horretatik atera ezinik».
Zoom bategaz marea likidora hurreratu eta marea horretako jende likidoa, pertsonaiak aukeratu ditu Arrienek
Ikuspuntuak. Ikuspuntu ezberdinetatik idatzitako liburu bat dela azaldu du idazleak, «perspektiba ariketa bat» egin duela dio. Horrela, hasiera batean kanpo begirale bat dago, eta modu orokorrean begiratzen dio gizarte likidoari. «Liburuan zehar ardatz izango diren gizarte likidoaren gaiak ikusiko ditu, hala nola, maitasun likidoa, polimaitasuna, bakardadea, irudiaren tirania…». Baina perspektiba hori aldatzen joango da liburuan zehar, eta «zoom bategaz» marea likidora hurreratu eta marea horretako jende likidoa, pertsonaiak aukeratu ditu Arrienek. «Nahiz eta oso ezberdinak diren guztiek daukate kanpo geruza amankomun bat: herratikoak eta zalantzaz beteak dira, eta helduleku fermurik gabe alderrai dabiltza».
Istorio guztiak Euskal Herrian gertatzen dira eta, beraz, Donostiako elementuak daude, eraikinak, esaterako. «Lekeitioko krokodiloaren erreferentzia ere badago liburuan, Zinemaldia… dena berton girotuta dago, Mediterraneoko aipamen bat da salbuespena».
Aurreratu duenez, ipuin bakoitzean ez daude pertsonaia asko, bat edo bi gehienez, eta tramak, gaiak egunerokoak dira. «Nire amonak esaten zidan sinplea politena dela beti, baina nik ideia horretatik ihes egin dut pixka bat. Pertsonaiak domestikoak dira, baina etxekotasun horretan lore arraroak daude, badaukate sofistikazio puntu bat, eta hori da liburuan agertzea nahi nuena».
«Liburuan musika asko dago, liburuak badauka bere soinu banda»
Pertsonaiak. Urak, likidoak kohesio lana egin du istorioen artean. Baina ura ez da gai epiko edo mitologiko bat bezala agertuko. «Uraren beste ezaugarri batzuk aukeratu ditut, hala nola, bere isiltasuna, baretasuna, moldagarritasuna, erritmoa edota higatzeko daukan gaitasuna. Egunerokotasunean ere hala delako eta ipuin hauek egunerokotasunean daude oinarrituta. Horregatik aukeratu ditudan urak prosaikoagoak dira: estoldak, malkoak, balde bat lixibaz beteta…».
Jende likidoa plastikoa dela gaineratu du Arrienek: «Ez dut beldurrik izan giro hori hedatzeko, pertsonaiak aske uzteko; ez dut beldurrik izan karikaturizatzeko; ez dut beldurrik izan fantasiara jotzeko, eta batzuetan pertsonaia hauek badira teatralak, bete batzuetan, ordea, ertzetan daude. Ipuinetako pertsonaien ukitua daukate, eta nik gustuko nuen hori».
Arrienek aitortu duenez, maite ditu liburuetako soinu bandak. «Liburu batean ikusten dudanean musika edo abesti bat, liburu hori irakurtzeko modua aldatzen zait». Eta gustukoa duelako, liburuari musika jarri dio: blusa, Marisol… «Liburuan musika asko dago, liburuak badauka bere soinu banda».