Trikitixa kontzertua, Markina-Xemeingo Uhagonen
Mirari Azkune trikitilari etxebarritarrak, Aintzane Agirrebeña panderojoleak eta Eugenio Gisasola ‘Lutxurdio’-k eskainiko dute emanaldia, zapatuan [maiatzak 8], 18:00etan hasita.
Markina-Xemeingo Uhagon kulturguneak antolatuta, Mirari Azkune Etxebarriko trikitilariak eta Aintzane Agirrebeña panderojole eibartarrak Eugenio Gisasola Lutxurdio urretxuarragaz batera kontzertua eskainiko dute zapatuan [maiatzak 8], 18:00etan, Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean. Esan dute eguraldi txarra egingo balu, emanaldia Plazabarripean egingo litzatekeela.
Kontzertua doan da, baina osasun egoera tarteko, gonbidapena behar da. Sarrerak udaletxeko herritarren kutxazainean daude eskuragarri. «Gonbidapenak ikuskizuna hasi arte egongo dira eskuragarri».
Uhagoneko ordezkariek azaldu dutenez, izatez data hauetan Markina-Xemeingo III. Helduen Trikitixa Txapelketa ospatu beharko litzateke. «Hori ez da posible izango aurten, baina trikiti doinuak ez dira faltako».
2017an eta 2019an Helduen Trikitixa Txapelketan parte hartu zuten Azkunek eta Agirrebeñak; 2017an bigarren egin zuten, eta 2019an laugarren geratu ziren.