Basogintza jardunaldiak antolatu ditu Markina-Xemeingo EH Bilduk
Berbaldia antolatu dute eguenerako [maiatzak 13] eta Larruskaingo herri basotik bisita gidatua zapaturako [maiatzak 15].
Basogintzan orain dagoen egoera bidegurutze erabakigarri bat izan daitekeela pentsatuta, alternatiba errealak eta jasangarriak ezagutzea beharrezkoa dela ikusten du Markina-Xemeingo EH Bilduk. Hori dela eta, basogintzan zer egin den, zelako egoera dagoen eta ze norabide hartu behar den erantzuteko jardunaldiak antolatu dituzte; Hitzaldi bat eskainiko dute eguenean [maiatzak 13], 18:30ean, Markina-Xemeingo kultur aretoan, eta horregaz lotuta bisita gidatu bat ere antolatu dute zapatuan [maiatzak 15] Larruskaingo herri basora. Berbaldira zein bisita gidatura joan ahal izateko, izena emon behar da aurretiaz 645 006 312 zenbakira deituta.
Jardunaldien helburua dauden aukerei buruzko informazioa zabaltzea dela argitu dute antolatzaileek. Alde batetik, kudeaketa publikoaren gaineko hausnarketa bat egitea, eta bestetik, lur jabeei dauden baso eredu desberdinen gaineko informazioa ematea dute asmoa, eta horretarako, Errez Kooperatibako biologo bat eta mendi ingeniari bat gonbidatu dituzte hitzaldira. Azaldu dutenez, Errez Kooperatiba Aramaion kokatua dago, eta hiru urte daramate ikerketan, basogintzan eta hezkuntzan lanean. “Larrialdi klimatikoari aurre egingo dion basogintza, ekologikoki eta ekonomikoki errentagarria izango dena da Errez Kooperatibako kideek planteatzen dutena”.
Hitzaldian landutako guztia Larruskaingo herri lurretara egingo den bisita gidatuan antzeman ahal izango da. “Errez Kooperatibako kideek eskainiko dituzte herri basoko espezien eta egoeraren inguruan hainbat azalpen, bertara doazenen jakin gurak erantzuteagaz batera”. Markina-Xemeingo EH Bildukoek gogora ekarri dutenez, Markina-Xemeinek herri baso ugari ditu, 110 hektarea inguru. “Larruskainen esate baterako, 18 hektarea dira herri lurrak, eta gaur eguneko egoera ezagutu ahalko da lur horietan bertatik bertara, pinadien gaixotasuna, eukaliptoen gehikuntza edota pagadi berrien sorrera, esate baterako”. Diotenez, oso jende gutxik ezagutzen ditu herri basoak zeintzuk diren, zer egin den orain arte, aldundiak zer egin duen edota zertan hobetu daitekeen. 10:00etan Arnoatetik hasita egingo da Larruskaingo herri basoan zehar bisita; Ibilaldia 2 ordu edo 2 ordu eta erdi ingurukoa izango dela aurreratu dute antolatzaileek.
Hori guztiori aurrera begirako prozesu luze baten hasiera dela nabarmendu dute. “Euskal Herri mailan ere badago horrelako olatu bat, eta eskualde mailan ere hasita daude lanean beste herri batzuetan. Basoak elkar lotuta daude, eta gure asmoa elkarregaz lan egitea da. Epe luzera begirako lanketa bat egin beharko da. Badago kudeaketa ganorazko bat egiteko aukera”.