Arrantza dekretu berriaren aurkako protestak deitu dituzte
Zapatuan, 18:00etan hasita, protesta zaratatsuak egingo dituzte Euskal Herriko kirol portu guztietan.
Espainiako Nekazaritza eta Arrantza Ministerioak kirol arrantza arautzeko aurkeztu duen errege dekretu proposamen berriaren aurka protestak deitu ditu Euskal Itsas Kirol Arrantzaleak kolektiboak. Zapatuan [maiatzak 15], 18:00etan hasita, protesta zaratatsuak egingo dituzte Euskal Herriko kirol portu guztietan. Kolektiboak Euskal Herriko 11 elkarte barnebiltzen ditu; 2.000 bazkide baino gehiago dituzte. “Hondarribiatik hasi eta Bermeoraino egingo ditugu protestak”.
Bixente Galarraga Mutrikuko Alkolea-Intxirri kirol ontzien elkarteko presidenteak HITZAri azaldu dionez, Mutrikun ere protestarekin bat egiteko asmoa dute. “Zapaturako pankarta batzuk prestatu ditugu, eta horiek ontzietan ipinita turuta jotzen itsasoratuko gara. Portuan eta moila inguruetan ordu erdi inguruko buelta bat emateko asmoa dugu. Ondarroako eta Debako kirol ontzien elkarteko kideekin ere harremanetan jarri gara, eta eurek ere protestarekin bat egin dutela esan digute. Euren herrietan nahikoa jende batzen ez bada, protesta gurekin batera egingo dutela esan digute”.
Aisialdiko itsasontzietan kirol arrantza egiten dutenek euren “haserrea” agertu nahi dute han-hemenka egingo dituzten protestekin. Espainiako ministeritzak euren eskaria aintzat hartzea nahi dutela azpimarratu dute. “Ea halako proestak eginda gure eskaria behar den lekura ailegatzen den. Espainia mailan ere aurretik beste hainbat protesta egin dira, eta orain ikusiko dugu zer gertatzen den. Gu behintzat gurea defendatzen saiatuko gara. Ez dugu indarrean dauden kuotak handitzea eskatzen, lehengoak mantentzea baino”.