Berriatuko San Gregorio jaien balorazio positiboa egin dute
Herritarrek ondo erantzun dutela eta ekintzetan parte hartu dutela esan dute. "Ekintzetako sarrerak nola joan diren ikusita, balorazio positiboa egiten dugu".
Berriatuko Jai Batzordeak egoera guztietara egokitzeko gai dela erakutsi du. Iaz birtualki ospatu zituzten Berriatuko San Gregorio jaiak, eta aurten, egoera zer nolakoa izango zen jakin barik, neurriak kontuan hartuta, ekintza batzuk antolatu dituzte herriko jaiei halanolako kolorea emateko. Esan dutenez, sarrerak nola joan diren ikusita, balorazio positiboa egiten dute.
“Urtarrila-otsaila aldera batu ginen jaietan zer egin pentsatzeko. Orduan ez genekien maiatzean zein egoeratan egongo ginen, baina laupabost ekintza antolatzearen alde egin genuen”. Txomin L. Aramaio ondarrutarragaz harremanetan jarri eta haren laguntzari esker, egitaraua osatzea lortu zuten.
Kontzertuetarako eta antzerki saiorako sarrerak hartzeko, gainera, herritarrek eduki dute lehentasuna, zelan ez. Eta gero beste herrietakoek eduki dute sarrerak hartzeko aukera. “Zea Maysen kontzertuan, esaterako, 170 sarrera inguru herritarrek erosi zituzten, eta beste herrietako herritarrentzako sarrerak hartzeko epea zabaldu genuenean, segituan amaitu ziren”.
Gainera, esan dute saioak eskaini dituzten musika talde eta gainerakoek ere eskerrak eman dizkietela. “Beste hainbat jai bertan behera uzten ari diren garai hauetan, eskerrak eman dizkigute jaiak antolatu eta kultura babestearren”.
Bost kontzertugaz, antzerki emanaldi batekin eta umeentzako berbenaren bi saiogaz eta pista-jolas itxurako ginkanagaz, sangregorioak presente egon dira herrian. “Kontzertuetan ehun lagun inguru edo hortik gora egon dira. Orokorrean ez da arazorik egon, eta dena ondo-ondo atera da. Herritarrek oso ondo erantzun dute, eta ekintzetan parte hartu dute. Beraz, eta nahiz eta oraindik balorazio ofiziala egiteko batzartu ez garen, dena oso ondo joan dela esan dezakegu”.