Etxebarriko Udalak behin-behineko onespena eman dio HAPO berriari
Arlo ezberdinetako premiak asetzea izan dute helburu dokumentua egiterako orduan. Jaurlaritzaren txostena eta aldundiaren onespena falta dituzte orain.
Udalerriko lurzoruaren erabilerak definitu eta arautzen duen Hiri Antolamendurako Plan Orokorrari (HAPO) behin behineko onespena eman dio Etxebarriko Udalak. Joan den eguenean [maiatzak 6] egindako osoko bilkuran onartu zuten HAPO berria, udaleko alderdi bien adostasunagaz.
Une honetatik aurrera, HAPO berria behin betiko onesteko, Eusko Jaurlaritzaren txostena behar dute lehenik, eta gero, Etxebarria 7.000 biztanle baino gutxiagoko udalerria izanik, Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio planaren behin betiko onespena ematea. Jaurlaritzaren erantzuna aurten eduki dezaketela aurreikusten du udalak, eta aldundiaren behin betiko onespena, berriz, datorren urtean.
Jesus Iriondo Lejardi Etxebarriko alkateak azaldu duenez, udalak bere esku dagoen guztia amaitutzat eman du behin behineko onespenagaz. Hala ere, beste erakundeek hala eskatuta, zuzenketak egin beharko dituztela uste dute, azken onespena eduki aurretik.
Familia bakarreko etxeak eta etxe atxikiak egiteko aukera txertatu dute HAPO berrian
Alkateak jakitera eman duenez, HAPO berri honen helburua Etxebarriak, ahal den neurrian, gaur egun dituen beharrizanei eta etorkizunean izango dituenei erantzutea izan da, arlo hauetan, besteak beste: hiri antolamendua, etxebizitzak eta ekonomia jarduera. “Arlo ezberdinetako premiak asetzea izan da helburua, etxebizitzen arlokoa esate baterako. Etxebizitza batzuk geldi geratu ziren, eta horiei irtenbide bat emateko eta beste etxebizitza aukera batzuk eskaintzeko, familia bakarreko etxeak eta etxe atxikiak egiteko aukera txertatu dugu dokumentu berrian”.
Baserri guneetan ere baserriak hutsik geratzen ari direla eta, horiei ere irtenbide bat emateko, bizitza bitik gora atera ahal izateko aukera gehitu dute dokumentuan. “Hori izan daiteke, agian, aldundiak atzera botako digun erabakietako bat. Guk onartu dugu, baina horrek ez du nahi esan aurrera joango denik, izan daiteke aldundiak eragozpenak jartzea, baina gure nahia hori da”. Iriondok zehaztu duenez, baserriak konpontzeak edo eraberritzeak kostu handia dauka, eta gehiago zatitu ahal izanez gero aukera gehiago egongo liratekeela ikusten dute.
Ekonomia jarduerei dagokionez, lehendik martxan daukaten Galartza industrigunean leku bat gorde dute, enpresaren batek lekua beharko balu aukera hori eskaini ahal izateko. Horrez gain, udalerrian dauden beste enpresa batzuei aparkalekuak handitzeko aukera eman diete, “zeukaten arazoa konpondu ahal izateko”.
URAk jarritako alegazioaren ondorioz, Errekarte eta Ibaun Erdi artean jarri nahi zuten zubia kendu egin behar izan dute plan orokorretik
URA agentziaren alegazio batek eragindako aldaketak ere zuzendu dituzte. “Errekarte eta Ibaun Erdi artean zubi bat ezarri nahi zen alderdi biak lotzeko eta kendu behar izan dugu”. Erabaki horrek kalte egin diela esan du alkateak: “Herriguneari begiratuta hori izan da kalterik handiena. Herriak irteera bi edukitzea ona zela ikusten genuen, eta nahi genuen, baina kendu beharrean egon gara”. Gainera, Erberan, Eskola gune berriaren parean, etxebizitzak eraikitzeko aukera ere bertan behera utzi die URAk, “100 urteko itzulera aldiko uholde marran daudelako”.
HAPOren baitan sartu dute baita ere Etxebarria eta Markina-Xemein artean bide ziklable bat egiteko aukera. “Orain dagoen bidearen ondoan bizikletak ibiltzeko bide bat egitea herri biak lotzeko. Eragin Linguistikoaren Ebaluaziotik (ELE) ateratako proposamena izan da. Igarobide bat izango da. Erosketak egitera Markina-Xemeinera joateko edo lanera bizikletan etorri ahal izateko. Ea bideratu ahal dugun Aldundiagaz”.
Etxebizitzen eskaintza desberdinagaz bereizi egin nahi izan dira, ÂEtxebarriak erakargarritasun bat edukitzeko eta etxebarritarrek udalerrian bizitzea aukeratzeko
2016tik martxan. Egun indarrean dagoen HAPOa 1997an onetsi zen, eta hemeretzi urte geroago, 2016an, plan hori berrikustea erabaki zuten. Tarte horretan izandako aldaketak direla eta, udalak ikusi zuen beharrezkoa zela egungo eta etorkizuneko eskariei erantzuteko HAPO berri bat egitea. “Batez ere etxebizitzen arloan zegoen premia. Lehen, batez ere, etxebizitzak eraikitzea zegoen aurreikusita, baina etxebizitzekin ikusten genuen adibidez, Markina-Xemeingo gauza bera eskainiz, Markina-Xemeinek erakargarritasun handiagoa zeukala edo merkeago ateratzen zituela etxebizitzak. Etxebarrian hiru solairu baino gehiagoko eraikinak ezin dira eraiki, eta ordea, Markina-Xemeinen bai, eta horrek kostuak gutxitzen ditu”. Beraz, eskaintza desberdinagaz bereizi egin nahi izan dira, ÂEtxebarriak erakargarritasun bat edukitzeko eta etxebarritarrek joan barik udalerrian bizitzea aukeratzeko. “Familia bakarreko etxeak eta etxe atxikiak dira herritarren gustuko aukera, eta aukera hori ematea zen HAPOn gehitu beharrekoa”.
HAPO berria egiteko orduan, herritarrek zeresana eduki dute eta ekarpenak egin ahal izan dizkiote dokumentuari, eta enpresa eta sektore ezberdinetako arduradunekin ere egon da udala horien proposamen eta iritziak jasotzeko. “Parte hartze zabala egon da, eta horretatik agertu dira herritarren nahi eta eskariak, esate baterako etxebizitzen gainekoak”.