Jakoba Errekondogaz solasaldia egingo dute Mendexan
Ekintza domekan [maiatzak 16] egingo dute, frontoian, 12:00etatik aurrera. Lekuak mugatuta egongo direnez, aurretiaz izena eman behar da udaletxean.
Jakoba Errekondo agronomo, irrati esatari eta Bizi baratzea liburuaren egilearekin hitzaldi-solasaldian batuko dira domekan [maiatzak 16], 12:00etan, Mendexako frontoian.
Goi-Alde elkartekoek antolatutako saio horretan, landare eta ortuariei buruzko informazioa partekatu eta bertarautakoen zalantzak argituko ditu usurbildarrak.
Iazko martxorako antolatu zuten Errekondogaz hitzaldia, baina konfinamentuagatik ezin izan zuten egin. Oraingoan, zapatuan San Isidro Eguna denez, ekitaldia egiteko data egokia iruditu zaie: “Egoera apur bat normaltzen doala dirudi, eta aurretik ere egin ditugu gauza batzuk frontoian segurtasun distantziak kontuan hartuta. Zapatuan da San Isidro eguna, baina Eleizalden domeketan jende gehiago elkartzen denez, domekan egingo dugu. Intereseko gai desberdinak egongo dira. Batzuei ortuko gauzak interesatuko zaizkie eta beste batzuei etxeko landereei buruzkoak edota basoei buruzkoak”.
Izena eman. Domekako solasaldira joateko asmoa daukatenek ezinbestean aurretiaz izena eman behar dute udaletxean. 102 pertsonako aforo mugatua edukiko dute frontoian.