Liburuak partekatzeko proiektua abiarazi nahi dute Lekeition
Proiektua bideragarria izateko herriko denda eta tabernak bidelagun izatea beharrezkoa dela esan dute. Parte hartzeko prest leudekeenek fitxa bat bete behar dute.
Liburutegiko liburuei bigarren bizitza bat eman asmoz eta irakurzaletasuna sustatzeko, Bookcrossing proiektua abiarazteko proposamena egin du Lekeitioko Udalak. Hori egikaritzeko, herrian liburuen kutxa sare bat ipintzea proposatzen du udalak. Proiektua bideragarria izateko, baina, herriko denda eta tabernak bidelagun izatea beharrezkoa dela esan dute. “Animatu eta parte hartu!”. Parte hartzeko prest leudekeenek fitxa bat bete behar dute; maiatzaren 23a da fitxa betetzeko azken eguna.
Liburuak berrerabili eta irakurzaletasuna bultzatzeaz gain, merkatal puntuetara joateko “atsegin gehigarri bat” eskaintzea ere badela asmoa gaineratu dute. “Instalazioaren inguruan egondako espazio publikoen bizitza kitzikatu edota indartuz, Ekonomia Zirkularraren oinarriak hedatzea ere bilatzen da”.
Nola funtzionatuko luke proiektuak? Esan dutenez, liburutegiak eta udalak ondoko puntuak hornituko lituzkete: liburuentzako kutxa bat ipini, erabilera eta higiene neurriak betetzeko informazio kartela ipini, beste komertzio kolaboratzaileen mapa egin eta argitaratu eta bigarren eskuko liburuak eskuragarri jarri.
Bestalde, proiektuan parte hartuko luketen merkatariek emandako kutxaren eta informazio kartelaren gaineko ardura edukiko lukete. “Establezimendua zabaltzerakoan, kutxa atarian ipini eta ixterakoan gorde egin beharko lukete. Eta kutxa erabiltzen dutenei ere gel hidroalkoholikoa eskaintzea ere haien esku egongo litzateke”. Horrez gain, sortu ahalko liratekeen gorabeherak, iradokizunak, aldaketak edota eskaerak egiteko liburutegiagaz harremanetan jarri beharko lukete.
Proiektuaren inguruan sortutako zalantzak argitzeko liburutegiko arduradunarekin (IƱigo) harremanetan jarri daitezkeela esan dute; telefonoz deituta (94-624 35 35) edo posta elektronikoa bidalita (liburutegia@lekeitio.eus) ere harremanetan jarri daiteke.