Aurten ere ez da Zapato Azulik ospatuko Ondarroan
Gaur eguerdian [maiatzak 12] eman du erabakiaren berri Radixu Irratiak. Esan dute pandemia oraindik ez dela amaitu eta egoerak larria izaten jarraitzen duela.
COVID 19 pandemiak sortutako egoera larria oraindik ez dela amaitu-eta, Radixu Irratiak, aurten ere, Zapato Azule ez ospatzea erabaki du. Iaz ere esan zuten modura, Zapato Azule jaiaren muina, “guztiak kalean nahaste-borrastean ondo pasatzen elkartzean datza”, eta “zoritxarrez bizi den egoera kontutan izanda, oraindik dagokion modura ospatzea” ezinezkoa dela azaldu dute.
Gaur eguerdian [maiatzak 12] eman dute erabakiaren berri Radixu Irratikoek, eta “arduraz jokatu beharrean” daudela esan dute. Zapato Azule jaiaren baitan antolatzen diren Dinamartxak eta Euskal Herriko Kamiseta Azoka ere bertan behera geratuko direla jakitera eman dute, eta datorren urtean guztiak Ondarroako kaleetan jai giroan elkartzeko gonbidapena egin dute: “hurrengoan izan beharko da. Arduraz jokatu eta zaindu zaitezte”.
Amaitzeko, irratikoek gogora ekarri dute igaro den urtea guztiontzat “latza” izan dela, eta pandemiaren eraginez senide edo lagunak galdu dituztenak izan dituzte gogoan: “Oraindik ere eutsi beharrean gaude. Pandemiaren eraginez senideak edo lagunak galdu dituzuenoi eta gaitza pasatu duzuenoi gure elkartasuna bidaltzen dizuegu. Baita guztion osasunaren zaintzan ibili zareten eta zaudeten guztioi ere: besarkadak eta animoak guztiontzat”.