Ekainaren 1ean hasiko da martxan Etxebarriko ur parkea
Era askotako txorroak, berdegunea eta mahaiak ditu Ibaun zelaian eraiki duten parkeak. 10:00etatik 20:00etara arteko ordutegia izango du.
Etxebarriko Udalak amaitu ditu Ibaun zelaian eraiki duten ur parkeko lanak. Umeen aisialdirako azpiegitura berria prest dago, eta azken ikutuak ematen ari dira ekainaren 1ean zabaltzeko.
Splash izena jarri dioten parke berrian 50 metro koadroko gune bat eraiki dute era askotako txorroekin, eta atsedenerako edo eguzkia hartzeko gunea prestatu diote ondoan, zuhaitzekin. Berdegune horretan mahaiak ere jarriko dituzte, jakitera eman dutenez lau bat mahai izango dira.
Ur jolasak pizteko botoia sakatu beharko da, inor ez dagoenean, urik ez xahutzeko. Jolasak programatuta egongo dira, hau da, botoia sakatu ostean denbora zehatz batez botako dute ura. Segurtasuna bermatze aldera, berriz, ur parkearen bueltan, babes modura, hesi bat jarri dute.
Bestalde, ur parkeak ura garbitzeko filtro sistema bat izango du eta ura berrerabili egingo da. Filtro sistema gordetzeko egurrezko etxola bat eraiki dute, eta etxola horretan gordeleku bat ere egongo da herritarrek eguzkitakoak gorde ahal izateko. Udal arduradunek azaldu dutenez, gordelekuak telefono mugikorrarekin aktibatuko den giltza elektroniko batekin funtzionatuko du. Horrela, herritarrek nahi dutenean hartu eta utzi ahalko dituzte eguzkitakoak.
Parkea udan bakarrik egongo da martxan eta negurako desmuntatu egingo dute. Ordutegi bat edukiko du, 10:00etatik 20:00etara egongo dira ur txorroak martxan.