Haurreskolak zabalik mantentzeko aldarrikatu dute Aulestin, horma-irudi bategaz
Ekintza Urzabal guraso elkarteak antolatuta egin zen. Azaldu dutenez, ekintzagaz herri txikietako haurreskolek bizi duten egoera ikusarazi nahi izan dute.
Aulestiko Urzabal guraso elkarteak antolatuta, herriko nerabeek Haurreskolak zabalik! leloa daukan horma-irudia egin dute Aulestiko haurreskolaren parean. Urzabalekoek azaldu dutenez, nerabeek eurek aukeratu zuten grafiti tailerra egin nahi zutela, eta baita ere irudia. Eta guraso elkarteko kideei egokia iruditu zitzaien. “Azken finean, herri txikietako haurreskolek bizi duten egoera ikusarazi nahi izan dugu”.
Izan ere, matrikula kopuruaren arabera, haurreskolak itxi edo zabalik mantentzen dituzte. Administrazio publikoak haurreskola bat ixteko erabakia hartzen duenean, herritarrei zerbitzu hori kentzen diete, eta haurrak beste herri bateko haurreskolara eramatera behartzen dituzte. Bada, ekintza horrekin, haurreskolak zabalik mantentzeko aldarria egin dute aulestiarrek
Urzabalek urte osoan nerabeei zein familiei zuzendutako ekintzak antolatzen ditu. Esan dutenez, horma-irudia egiteko tailerrean zortzi bat nerabek parte hartu zuten. Eta espraiak erabili ordez, hormako pinturekin egin duten irudia.
Bestalde, asteon Mendexa Abentura Parkera joateko irteera daukate antolatuta; ekintza domekan [maiatzak 16] egingo dute. Parte hartzaileak 10:00etan Mendexa Abentura Parkeko gunean batuko dira, eta seiko taldeak egin eta gero, taldeka sartuko direla esan dute. Han ibili eta gero, 13:30ean nork bere etxetik eramandako bazkaria jango dute, Aulestiko parkean. Eta 16:00etan umeentzako orientazio jolasa egingo dute, Leaktibai enpresak dinamizatuta.