Ispasterko bost auzotan ezarri dute zuntz optikoa
Momentuz, Kurtxiaga, Arropain, Gardata, Artikas eta Eleizalde auzoetan dago sartuta zuntz optikoa, eta 2023rako auzo guztietara zabaltzea aurreikusi dute.
Zuntz optikoa ailegatu da Ispasterko bost auzotara. Gaur gaurkoz, Kurtxiaga, Arropain, Gardata, Artikas eta Eleizalde auzoetan dago zuntz otpikoa sartuta.
Apirilaren 23tik aktibo dago zuntz optikoa. Udalak aurreko astean eduki zuen horren berri. Hain zuzen, udalaz kanpoko eskumena bada ere, udalean daukaten informazio guztia herritarrei helarazi diete bando bidez eta udalaren webgunean ere ipini dute kontsultatu ahal izateko.”Herritarrek euren operadoreari deitu eta ea ze aukera daukaten, euren etxebizitzan ote daukaten galdetu behar dute. Izan ere, agian, auzo horietako etxebizitza guztietara ez da heldu, agian, auzo guztiak ez dauka”, esan du GarbiƱe Saez de Buruaga Ispasterko alkateak.
Azaldu duenez, Eleizaldekoa 2018an ezartzeko asmoa eduki zuten, baina Lekeitiotik Ispasterrera arteko errepidean zenbait eragozpen eduki zituztenez, atzeratu egin da: “Arbola batzuek oztopatzen zuten, eta arazo horri aurten eman diote konponbidea. Eleizalden bertan ordutik sartuta egon da, baina errepideko arazo hori dela eta, ezin izan zuten konektatu”.
Udalerriko gainontzeko auzoetara zuntz optikoa noiz helduko denari buruzko informazioa ere jaso dute. 2023rako auzo guztietara iristea aurreikusi dute.