Ispasterko frontoiko kantxa entrenamenduetarako bakarrik dago erabilgarri
Udalaren webgunetik erreserbatu behar dira txandak. Udalak frontoiko kantxaren erabilerarako protokoloa egin du.
Frontoiko kantxa entrenamenduetarako bakarrik erabiltzeko aukera ematea erabaki du Ispasterko Udalak, baina aldagelak ezin dira erabili.
Frontoiko kantxaren erabilerarako protokoloa egin du udalak, eta gogoratu dute bertan zehazten diren arauak “nahitaez” betebeharrekoak direla.
Orain arte frontoiko kantxa alokatzeko jendeak udalera deitu behar zuen, orain, ostera, udalaren webgunean dagoen estekaren bidez egin behar da erreserba. Era berean, bertan dago erabilerari buruzko informazio guztia, eta zalantzaren edo arazoren bat edukiz gero, 9:30etatik 13:30era udaletxera deitzeko eskatu dute: 94-684 29 99.
Kantxa libre dagoen orduak kontsultatu eta bere txanda hartu ahalko dute herritarrek. Udalerrian erroldatutakoek euro bat ordaindu behar dute, eta gainontzekoek 3 euro. Erreserbak modura, ordainketa ere online egin behar da.
Gehienez lau pertsona egon ahalko dira aldi berean, eta ordubeteko txandak daude, 07:00etatik 21:00etara banatuta. 15 minutuko tartea ipini dute, sartu-irteeren aldaketak egiteko. Hala ere, ordu jakin batzuetan ezin da erabili eskolak baitu erabiltzeko lehentasuna: 11:00etatik 12:00etara eta eguerdian. Hurrengo orduan inor ez badago, gelditu ahal izango dela zehaztu dute.
Frontoira sartzeko giltza beharrezkoa da, eta ez daukatenek udaletxean hartu behar dute. 5 euro ordaindu behar dira maileguan. «Herrikoez gain, Lekeitioko edota inguruko jendeak frontoia erabili izan du. COVIDaren aurretik astebururo etortzen ziren batzuk jokatzera eta horiek edukiko dute giltza, baina denek ez”. Giltza itzultzerakoan 5 euro horiek bueltatuko zaizkie erabiltzaileei. Giltza galduz edo beste bat nahi izanez gero, berriro 5 euro ordaindu beharko dituzte herritarrek. “Giltza pertsonala da eta besterenezina, titularrak bakarrik erabili ahalko du”.