Lekeitiok bonu kanpaina berria abiaraziko du
40 saltokik parte hartuko dute maiatzaren 17an hasi eta ekainaren 12a bitartean iraungo duen kanpainan. Guztira, 4.000 bonu jarriko dituzte erosleen eskura.
Lekeitioko merkataritza eta zerbitzuei lagundu eta kontsumoa suspertu asmoz, Lekeitioko bonua kanpaina berria jarriko dute abian Lekeitioko Udalak eta Kitto Merkatari elkarteak. Maiatzaren 17an hasiko da martxan kanpaina, eta ekainaren 12ra arte 4.000 bonu jarriko dituzte erosleen eskura.
Bonuak 15 eurotan eskuratu ahalko dira kanpainagaz bat egiten duten establezimenduetan, eta 20 euroko balioa izango dute. Hau da, bonu bakoitzean 5 euro aurreztu ahalko dira. Guztira, Lekeitioko 40 establezimendu atxiki dira kanpainara, eta horietan erabili ahalko dira bonuak. Pertsona bakoitzak gehienez lau bonu hartzeko aukera edukiko du.
“Laguntza honen bidez, herritarrek erosketa lehiakorra egin ahal izatea lortu nahi da, baina baita merkatariak osasun krisiak galdutako jardueraren zati bat berreskuratzea eta salmentak handitzea ere, eta, gainera, beste erosle batzuk fidelizatzea nahi da, hurbileko eta kalitatezko merkataritza erakargarri aurki dezaten, eta prezio lehiakorrean”.
Esan dutenez, Kitto merkatari elkarteak herrian kontsumoa indartzeko eta bultzatzeko egiten duen ahaleginari esker jarri da martxan ekimena, eta beraz, “euren lana eta ahalegina saritzeko” Kitto elkarteko bazkideek bonu kopuru handiagoa jasoko dute, %20, hain zuzen ere.