Ondarroako bertso topaketak 79 ikasle batuko ditu
Ekitaldia baliatuz, gainera, Arri-Botx bertso paper lehiaketako sariak ere banatuko dituzte. Bost sari banatuko dituzte denetara.
Bertsoa eta bertsolaritza Ondarroako frontoiko protagonista bihurtuko dira barikuan [maiatzak 14]. Zaldupe Eskolako eta Zubi Zahar herri ikastolako LH 6ko ikasleek bertso topaketa antolatu dute, eta bertan Mundu bat bertso egitasmoan parte hartzen ari diren 79 ikaslek parte hartuko dute. 17:30ean hasita, ikasturte osoan landutakoa kalera atera eta jendaurrean erakutsiko dute.
Antolatzaileek iragarri dutenez, ikasleek gelan lantzen dituzten bertso sortak abestuko dituzte; Mikel Inunziaga Inun abeslari eta gitarra jotzailea ariko da bertsoak musikaz janzten. “Gelan prestatutako bertso sortak abestuko dituzte. Inprobisaziorako tartetxo bat ere lagatzeko asmoa dugu”. Xabat Galletebeitia bertsolari lekeitiarrak eta Nahia Ibarzabal bertsolari markina-xemeindarrak ere parte hartuko dute topaketan. “Tarteetan bertso saio txiki bat egingo dute”.
Ekitaldia baliatuz, gainera, Arri-Botx bertso paper lehiaketako sariak ere banatuko dituzte. Lau sari banatuko dituzte, Mundu bat bertso egitasmoan parte hartu duen gela bakoitzeko bana. Sari horiez gain, sari orokorra ere banatuko dute. “Aurten nahikoa maila ona egon da, egia esan. Ikasleek bertso politak egin dituzte”.
Euria egingo balu, saioa Zaldupe eskola publikoko jolastokian egingo lukete.