Errealitatea eta magia eskutik doaz Miren Agur Meaberen liburu berrian
‘Itsasoaren atea’ aurkeztu du idazle lekeitiarrak. Gazte literaturara itzuli da Meabe abentura, misterio eta magiaz betetako istorio bat kontatzeko.

Elkar argitaletxeagaz kaleratu duen Itsasoaren atea lana aurkeztu du gaur [maiatzak 13], Miren Agur Meabe idazle lekeitiarrak. Lan horrek, Mikel Zarate haur literatur saria jaso zuen iaz, baina pandemiaren eraginez, orain argitaratu dute. «Gazteei begirako lana bada ere, helduek irakurtzeko eta gozatzeko modukoa da», azpimarratu du Antxiñe Mendizabal Elkar argitaletxeko editoreak aurkezpenean. ‘Dotore eta fin, erritmo pausatuaz idatzita’ dagoela ere gaineratu du: ‘Ñabardura literarioz beteta dago, eta irakurketaz gozatzera eramaten du’.
Itsasoaren atea liburuan abentura, misterioa eta magia barneratu dituela aditzera eman du Miren Agur Meabek. Uharte batean gertatzen den istorioa ama baten heriotzagaz hasiko da. «Hamahiru urteko neskatxari ama hil zaio eta bizimodu berri bati ekin beharko dio, Brigita amonaren basetxean. Brigita belagilea da, petrikiloa. Elora lanean hasiko da, umezain, Galantenea jauregian, eta laster estutuko du harremana bertako Ariane txikiagaz. Ariane umezurtza da, bera baino gaztetxoagoa, 6-7 urteko neskatoa, Mikaela neskameagaz bizi dena».
Astebetean garatzen da istorioa, eta tarte horretan, Elorak ezusteko ugari biziko ditu
Astebetean garatzen da istorioa, eta tarte horretan, Elorak ezusteko ugari biziko dituela aurreratu du idazleak: “Batetik Graxi ren laguna egingo da, Erik gaztea ezagutuko du, Nora eta Piarresen ezinezko amodioaren lekuko izango da, arrisku larrietan jarriko du bere burua, beti bere amaren leloa gogoratuta, Izan Bihotz“. Meaberen esanetan, era batera baino gehiagotara interpretatu daiteke lelo hori, baina badauka zerikusirik eskuzabaltasunagaz edota baita ausardiagaz ere.
Elorak astebete horretan deskubrituko du emakume leinu indartsu baten partaidea dela, eta idazlearen esanetan, istorioaren zati garrantzitsua da hori. “Agian, horregatik aurkituko du berak Itsasoaren atea”.
Itxialdiko lana. 2020ko itxialdian idatzi zuen liburua Meabek, aipatutako Mikel Zarate lehiaketara aurkezteko asmoz. “Urte aldrebesa zetorren eta jendaurreko saio eta emanaldi asko galtzen geunden eta hutsune hori orekatu beharra sentitu nuen”. Beraz, azken aldian gazte-literatura albo batera utzita bazeukan ere, “estrategia osasungarria” gertatu zitzaion “egoera ilun eta bitxi hura jasateko”. “Sariketa irabazi ala ez, obra berri bat edukiko nuen esku artean, argitaletxe bati eskaintzeko, eta alde horretatik poz handia eman zidan erretiro aldi horrek fruitu hau ekartzea gerora”, azaldu du.
Emakume protagonistak heroiak dira, eta batez ere maitasuna eta elkartasuna lehenesten dituzte
Meabek kontatu duenez, aspalditik zeukan errealitatea eta magia edo behintzat naturaz gaindiko botereak nahastuko zituen istorio bat idazteko gogoa, eta beraz, oraingoan, literatura erromantikoaren kutsuko liburua idatzi du. “Uste dut, gure literaturan azken urteotan kontaera garaikideak nagusitu direla, kontaera horietan pertsonaien barne gatazkak dira ardatza eta kokaleku nagusia inguruko mundua, eta istorio horrek oso beharrezkoak dira”. Baina, eskoletara egindako bisitetan beste ildo batzuen falta sumatzen zuen. “Orduan, ariketa gisa ere planteatu nuen proiektu hau”.
Kontakizunaren atal ezberdinetan nabaritu daiteke literatura erromantikoaren kutsua: istorioari ezarri dion giro aurre industrialean, kostunbrismo printzak ere sartu ditu, elementu dramatiko bat ere badauka, misterioa gehitu du kondaira bat eta mito bat barneratuz, eta pertsonaia nagusiaren eginkizunaren pisua ere literatura erromantikoaren erakusle da. “Emakume protagonistak heroiak dira, eta batez ere maitasuna eta elkartasuna lehenesten dituzte. Eta ezin falta gaizkilea, presondegi batetik ihes egindako Trabis”. Deituren erlazioagaz ere jokatu du Meabek. “Leinu horretako emakumeen izen bakoitzak esanahi bat dauka, eta adiera horiek guztiak lotura dute magiagaz”.
Bestalde, liburua Maite Gurrutxaga ilustratzaileak apaindu du; txuri-beltzezko marrazkiekin eman dio bizitza idazle lekeitiarraren istorio berriari.