Iñigito Txapelpunk: "Lan honek asko betetzen nau; denbora guztian ari naiz sortzen"
'Euskal Herri Magikoa' bildumako bigarren liburua kaleratu du Mendexan bizi den lekeitiarrak. Herri bi horietako eta Larrabetzuko magia jaso ditu liburu musikatu berrian. Diskoa honetan egin duen abestirik onenetariko bat dagoela dio.
Euskal Herri magikoan murgildu eta bigarren liburu musikatua kaleratu du Iñigito Txapelpunk lekeitiarrak; Ipuin hunkigarriak. Oso pozik geratu da emaitzagaz, «sentsazio onekin», eta sentipen magiko horiek banatu nahi dizkio orain «mundu guztiari».
Gabonetako Ipuinekin Zamudio, Zugarramurdi eta Mungiako magia idatzi eta abestu eta gero, Mendexa, Lekeitio eta Larrabetzuko magia eraman ditu Ipuin Hunkigarriak liburu eta disko berrira. Guztira hiru istorio desberdin dira –Beti irabazi, Aittitta Makurra eta Larrabetzuko handienak–, eta bakoitzak hiru abesti ditu.
«Beti irabazi ipuina Mendexan kokatuta dago, eta istorio oso polita da. Mendexan futbol txapelketa oso famatu bat jokatzen da, eta ipuineko protagonistak jokalariak dira. Euretako bat da Irati, ipuineko pertsonaia nagusia. Sudurgorri Kopa deitzen da txapelketa, eta sariak Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsek ematen dituzte. Bi talde aurrez aurre aurkituko dira: Mendexakua eta Filotonia. Mendexakuak hamabi final jokatu ditu, eta hamabi kopa irabazi. Finalean gauza asko gertatzen dira». Ipuin horri musika jartzeko hiru abesti egin ditu Iñigitok: Sudur Gorri Kopa, Txipli-txapla eta Mendexakua.
Aittitta Makurra. Lekeitio oinarri hartuta, berriz, Aittitta Makurra ipuina idatzi du. «Ez da denok ezagutzen dugun istorioa. Errealitateko pertsonaiak fikzioagaz nahastea gustatzen zait, eta hori da ipuin honetan egin dudana. Ez dauka zerikusirik Aittitta Makurraren ohiko istorioagaz, guztiz ezberdina da». Itsasontzi bat eta bertan lan egiten duen famili oso batez ari da bigarren ipuinean. «Arrantzaleak dira, eta arrantzara joaten dira. Itsasontzia Isuntza deitzen da, eta Aitor da bere patroia. Itsasoan dauden batean, denbora mamuak harrapatzen ditu, eta hainbat kontu gertatzen zaizkie. Portura ahal duten modura ailegatuko dira. Amaiera oso polita da».
Ipuin horretarako ere, diskoan barneratu dituen beste hiru abesti sortu ditu musikariak: Bota bira enbarka, Gure marinelak eta Aittitta Makurra. «Gure marinelak abestian Isuntzako nesken ahotsa sartu dut. Entrenatzen ari ziren bitartean grabatu nituen. Isuntzako neskek erritmoa jartzen diote abestiari».
Iñigito: “‘Irudimena’ abestian kontatzen dut irudimenagaz nahi duzuna izan zaitezkeela eta balde bategaz abesti bat egin dezakezula, eta nik ere balde bat erabili dut”
Azken ipuinak, izenak berak dion modura –Larrabetzuko handienak–, Larrabetzun dauka kokapena. «Larrabetzuko handienak, udalerri horretako erraldoi eta buruhandiak dira: Matxin, Paskuala, Akerbeltz, Akermari eta Jesusa. Umeak zoratuta daude buruhandi eta erraldoiekin». Ipuin hori duela bi urte idatzi zuen Iñigitok, eta beragaz lotutako kantu bat ere bai. «400 kantu baino gehiago egingo nituen nire bizitza guztian, eta horietatik 300 bat kaleratu. Disko honetan dago niretzako nik egin dudan kantu onenetariko bat dena: Izarretan. Oso kantu polita da. Teklatua eta ahotsa besterik ez ditu, ez gitarra ezta baxua ere. Kantua oso lasaia da, baina ileak tente jartzen dituen horietakoa. Kantatzen dudan bakoitzean hunkitu egiten naiz. Protagonistak espaziora bidaia egingo duen lagun bati agur esaten dio. Espazio ontzia zelan joaten den ikusten ari dela abestu egiten dio. Sentimental hutsa da abestia».
Baldea. Izarretan abestiagaz gain, Irudimena eta Larrabetzuko handienak dira ipuin horri dagozkion abestiak. Irudimena abestian txaloak eta txistua gaineratu ditu, eta musika tresna berria sartu du estudioan. «Tinbalagaz grabatu nezakeen, baina abestian kontatzen dut irudimenagaz nahi duzuna izan zaitezkeela eta balde bategaz abesti bat egin dezakezula, eta nik ere balde bat erabili dut».
Ipuin bakoitzagaz lotutako kantuez gainera, ipuin liburu barruan zer datorren azaltzen duen beste bat ere badauka diskoak, liburuaren izenburu bera daukana: Ipuin Hunkigarriak.
Iñigitok nabarmendu duenez, «ez dira hiru ipuin eta kito». Hainbat mezu barneratuta daude ipuinetan. «Berdintasunari, adiskidetasunari eta naturari buruzko gaiak ere ikutzen ditut. Esate baterako, emakumeen kirola aldarrikatu nahi izan dut futbolaren gaia aitzaki hartuta. Nire loba Nahiak futbolean jokatzen zuen txikitan, neska bakarra zen bere taldean, jokalari bikaina, baina nesken kirola, mediatikoki edo ekonomikoki, ez dago gizonezkoen parean».
Herririk herri hasiko dira ikuskizunak ematen, «herriz herri magia eramaten»
Euskal Herri Magikoaren helburu nagusiena Euskal Herri guztiko herrien magia idaztea eta kantatzea dela dio. «Gero argitaratzea bildumaren bidez, eta azkenik zuzenekoetara eraman ikuskizun magiko baten bidez, jendeak irakurri eta entzuteagaz gainera ikusteko, dantzatzeko eta abesteko».
Beraz, herririk herri hasiko dira ikuskizunak ematen, «herriz herri magia eramaten», eta joko duten herri guztiak zozketa baten sartuko dira, eta horrela aukeratuko ditu hurrengo liburuko hiru herriak. «Horrek hirurek edukiko dute euren ipuina eta hiru abesti».
Beti bezala, laguntzaile desberdinak izan ditu Iñigitok lan berri horretarako ere: Pirritx, Porrotx eta Marimototsen, Maria Redondoren, Oihane Eskurtzaren, Larrabetzuko eskolako umeen eta aipatu bezala Isuntza arraun elkarteko nesken ahotsak entzun daitezke abestietan. Atrofi eta Galder Elorzak ere parte hartu dute diskoan, txistu eta trikitixa doinuekin.
Proiektuak jarraipena izatea gustatuko litzaiokela azpimarratu du: «Argi dago ez dudala edukiko denborarik Euskal Herri osoko herri denen ipuinak egiteko, beraz, ni ez nagoenean, beste bateren batek proiektu honegaz jarraitzea gustatuko litzaidake; helburua aurrera eramateko».
Alde batetik, haurrentzako errekonozimendu gisa egin duela lana azaldu du, baina bestetik, aitortu du beregatik ere egin duela. «Lan honek asko betetzen nau, eta denbora guztian ari naiz sortzen. Lan hau egitea, batez ere pandemia egoeran, garrantzitsua izan da niretzat. Nire sormena bizirik mantendu du eta, trukean, haurrak ere pozik egotea nahi nuen».
Liburuak haurren artean izan duen onarpenagaz pozarren dago. «Oraintxe bertan rock-and-rolla edo haurrentzako kantak egitearen artean aukeratu beharko banu, duda gabe haurrentzako kantak egiten jarraitzea aukeratuko nuke. «Umeek egiten didaten harrera gasolina bezalakoa da niretzat».