Master Cupeko hirugarren txapela begiz jota dauka Eneko Sagarmendi mutrikuarrak
Euskal Pilota Egokitua Master Cup txapelketaren finala jokatuko du domekan Getarian, Xabier Arizkorretakin batera. Iraitz Huegun eta Jurdan Arakistain izango dituzte aurrez aurre.

Errenteriako Mindara klubeko palista mutrikuarrak Euskal Pilota Egokitua Master Cup txapelketaren finala jokatuko du domekan [maiatzak 16], Getarian. Xabier Arizkorreta hernaniarrarekin batera osatuko du bikotea, eta azken bi urteetan Leire Esnal zumaiarrarekin batera irabazitako irabazitako bi txapelak defendatzera kantxaratuko da gorriz jantzita.
12:00etan hasiko da norgehiagoka, Sahatsaga kiroldegiko pilotalekuan. Osasun protokoloa dela eta, harmailetan ezingo da ikuslerik egon. Hala ere, ETB-1en zuzenean ikusteko aukera egongo da; norgehiagoka Eitbren webgunetik ere jarraitu ahal izango dute zaletuek.
Final handia 25 tantora jokatuko dute, eta Iraitz Huegun donostiarraren eta Jurdan Arakistain zestoarraren aurka neurtu beharko dituzte indarrak. Aurkariek ere maila oso ona erakutsi dute txapelketan, eta itxura guztien arabera, final estua eta lehiatua izango da. “Aurkariak ere onak dira. Finalerdia ere euren aurka jokatu genuen, eta tanto bakarragatik irabazi genuen. Beraz, finala ere gogorra eta parekatua izango dela uste dut”, azaldu du palista mutrikuarrak.
Finalera begira ilusioz beteta eta gogotsu agertu da, eta hirugarren txapelaren bila “lasai” kantxaratuko dela esan du. Txapelketako partidu guztiak irabazi ditu eta ohi modura, kantxan dena ematera ematera aterako da. “Sasoiko iritsi naiz finalera. Iaztik ona, gainera, asko hobetu dut; gogor eta serio ari naiz entrenatzen. Ea beste txapel bat irabazten dudan”.